Zonaldeko jendeak eta Euskal Herri guztitik joandakoek bat egin dute beste urte betez Ibañetako lepoan VIII. eta IX. mendeetako euskaldunek bizitakoak eta Nafarroako Estatuaren sorreraren hastapenak gogoratzeko.
Aurizberriko plazan elkartu dira goizean denak eta Orregarako ibilaldia izan da. Bertan, ekitaldia egin dute «atzoko baskoiak» gogoan. Ondoren minutu bateko isilunea izan da «atzoko eta gaurko gudarien alde». Ibañetako lepoan izan da ekitaldi nagusia; bertan 778an, 812an eta 824ean izandakoak gogoratu dituzte eta Eñaut Etxamendi abeslaria omendu dute.
778, 812 eta 824
Orreaga Fundazioa, Etxabarrengoa Kultur Elkartea eta Orreaga 778 lan taldea izan dira ekimenaren antolatzaileak aurten. Bidali duten igorrean gogoratu dituzten hiru daten garrantzia azpimarratu dute: «778an, Orreagako gudua izan zen. Karlhandiren gizonek, Zaragozatik bueltan, Iruñea erre zuten, eta Frantziarako bidean, Nafarroako Pirinioak zeharkatzen ari zirenean, herritarrek eraso egin zioten atzera guardiari; garai hartan Europako armadarik garrantzitsuenari planto egin zioten. Gertakari horietan Errolan hil zen, Karlhandiren iloba. 812an, Karlhanandiren semea euskal lurretan zen, eta Frantziarako bidean Ibañeta zeharkatu behar zuenez, zonaldeko emakumeak eta haurrak bahitu zituen erasorik ez izateko; hau da, aitari gertatu zitzaiona saihesteko. 824an, hainbat gertakariren ostean, Eneko Aritza izendatu zuen baskoien errege, eta Iruñeko Erresuma sortu zuen, gerora Nafarroako Estatua izan zena».