NAIZ
DONOSTIA

Pedro Oleak Zinemira saria jaso du

Pedro Olea zinegile bilbotarrak Zinemira saria jaso du gaur iluntzean Zinemaldian, Imanol Uribe bere lagunaren eskutik. Euskal zinemagintzak egin duen ibilbideaz «harro» dagoela nabarmendu du.

Pedro Olea, Zinemira sariarekin, Imanol Uribe alboan duela. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Pedro Olea, Zinemira sariarekin, Imanol Uribe alboan duela. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Pedro Oleak Victoria Eugenia antzokian egin den galan jaso du Zinemira saria, gaur iluntzean.

Imanol Uribe bere lagunak eman dio saria eta, kontatu duenez, txikitatik beti izan du Olea «eredu profesional» gisa.

Concha Velasco aktoreak bilbotarra zoriontzen zuen bideo bat ikusi ondoren jaso du saria Oleak, Uriberekin besarkatuta eta hunkituta. Ondoren hitza hartu du eta euskal zinemagintzak egin duen ibilbideaz «harro» dagoela esan du. Aurten Zinemaldian euskal zinema sail guztietan dagoela gogoratu du eta hori duela urte batzuk «pentsaezina» zela erantsi du.

Euskal Herrian zinemaren inguruan sortu den industriaz ere harro agertu da, «PPk kulturari egiten dizkion erasoak eraso».

«Bihotz bihotzez, eskerrik asko» esanez agurtu da zinegile bilbotarra.