NAIZ
Baiona

Aitzinako kidea aske geratu da arratsaldean

Alex Feldman Aitzina gazte antolakundeko langilea atxilotu dute jendarmeek goizean eta eragileak Baionan duen egoitza miatu dute, bertatik material informatikoa eraman dute. Arrtsaldean utzi dute libre. Uztailaren 14ean Aitzinak Parisera trenez igorri zituen frantses hutseko bide seinaleen gaia izan daiteke operazioaren arrazoia.

Aitzinaren elkarretaratzea Baionako Udaletxearen aurrean. (Bob EDME)
Aitzinaren elkarretaratzea Baionako Udaletxearen aurrean. (Bob EDME)

Arrosan, etxean, atxilotu dute jendarmeek Alex Feldman Aitzinako langilea. Bera atxilotu eta Baionan Ipar Euskal Herriko gazte independentisten antolakundeak duen egoitza miatu dute. Bertatik material informatikoa eraman dute eta atxilotutako gaztea hiriburu lapurtarreko Marrack auzoan jendarmeek duten egoitzan egon da. Arratsaldean aske geratu da.

Gazte antolakundeak ez daki oraindik ziurtasunez operazioa zerk eragin duen baina lehen ordutik uztailaren 14ean Parisera trenez igorri zituzten frantses hutsezko panelen aurkako ekimenarekin lotura izan dezakeela zabaldu da. Kazeta.infok jaso duenez gazte antolakundeak ere susmo hori du.

Mugikor bidez eta sare sozialetan operazioaren salaketa mezua zabaldu da, horien arabera jendarmeak uztailean errepideetatik kendutako 100 bide seinaleren bila dabiltza. Frantses hutsez idatzitako seinale horiek trenez igorri zituzten egun horretan bertan Parisera.

Bihar, 12.30ean agerraldia egingo dute Aitzinako kideek San Andresko eskaileretan.

«Gazteria aktiboa ez dute errepresioaz geldiaraziko»

Ernai gazte antolakundeak ohar bidez salatu du Aitzinaren aurkako operazioa. Estatuen «izaera faxistaren erakusle» da operazioa gazte antolakundearen ustez eta euren aurka ari den dinamika oro «zanpatu eta gazteria sumiso bat izatea» amesten dutela salatu du. Bere babesa agertu die atxilotuari eta Aitzinari Ernaiek eta «aktibo eta borrokan den gazteria» ez dutela errepresioaz geldiaraziko adierazi du.