NAIZ
BILBO

EAEk eta Ipar Irlandak lankidetza proiektuak aurkeztuko dituzte Peace IV programa europarrean

EAEk eta Ipar Irlandak biktimei, hezkuntzari, gazteriari eta birgizarteratzeari buruzko lankidetza proiektuak aurkeztuko dituzte Peace IV izeneko programa europarrean.

Pat Colganek eta Jonan Fernandezek aurkeztu dute Lakua eta Ipar Irlandaren arteko lankidetza egitasmoa. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Pat Colganek eta Jonan Fernandezek aurkeztu dute Lakua eta Ipar Irlandaren arteko lankidetza egitasmoa. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Lakuako Gobernuko Bakegintza eta Elkarbizitzarako idazkari nagusi Jonan Fernandezek eta SEUPB Europar Batasuneko (EB) programa bereziak kudeatzeko ardura duen erakundeko zuzendari Pat Colganek azken egunetan 20 lagunek osatutako Ipar Irlandako ordezkaritza bat egiten ari den bileretako lehenen ondorioak aurkeztu dituzte Bilbon.

Topaketaren helburua «interes komuneko proiektu zehatzak identifikatzea» izan da, esperientziak eta ikaskuntzak elkartrukatuta.

Horrela, Europako «bakegintzako eta bizikidetzako esperientziek Euskadiko errealitatean erabiltzeko moduko isla izatea lortu nahi da eta, era berean, Euskadin hezkuntzaren, gazteen, udalen, unibertsitateen edo herritarren parte-hartze alorrean egiten diren jarduketek Europar Batasunean oihartzuna izatea eta jarduketa horiek trukatzeko gune partekatu bat izatea».

Orain arte egin dituzten saioetan zera ondorioztatu dute: «Ipar Irlandako eta Euskadiko bakegintza eta elkarbizitza prozesuak oso desberdinak» dira, «baina erakundeen eta gizartearen arteko lankidetzan oinarritzen den bakea eraikitzeko eredu bat» dute komunean.

Oinarri horrekin, lan hipotesi batean ados jarri dira bi erakundeetako ordezkariak: EAEko eta Irlandako erakundeek lankidetza proiektuak parteka ditzakete, gutxienez, biktima, hezkuntza, gazteria eta birgizarteratze arloetan.

Hasierako akordio horretatik abiatuta, SEUPB erakundeko ordezkaritza batek eta Lakuako beste batek osatutako talde batek datozen asteetan lau proiektu hauek atonduko dituzte, Peace IV programan sar baitaitezke.

Sorturekin

Sortuko kide Rufi Etxeberria eta Urko Aiartza ere Pat Colganekin bildu dira, elkarlanerako aukerak aztertzeko. Coiste irlandar preso ohi errepublikarren sostengu elkarteko ordezkariekin ere izan dira.