NAIZ
Madril

Udalbiltzak Trebiñuko biztanleen nahia errespetatzeko eskatu du

Gaur arratsaldean Diputatuen Kongresuan izango den eztabaidaren harira, Iratxe Lopez de Aberasturi, Udalbiltzako lehendakariordea, bertara joan da Trebiñu eta Argantzungo herritarrei babesa agertu asmoz.

Iratxe Lopez de Aberasturi Udalbiltzako lehendakariordea, Roberto Ortiz de Urbina eta Ignacio Portilla Argantzun eta Trebiñuko alkateekin, Kongresuaren aurrean. (UDALBILTZA)
Iratxe Lopez de Aberasturi Udalbiltzako lehendakariordea, Roberto Ortiz de Urbina eta Ignacio Portilla Argantzun eta Trebiñuko alkateekin, Kongresuaren aurrean. (UDALBILTZA)

Trebiñu eta Argantzungo udalek, enklabe hau Araban sar dadin, lege organiko baten proposamena aurkeztuko dute kongresuan. Arabaren mugen barrenean egon arren, instituzionalki Burgos izateak zerbitzu eta azpiegituretan sortzen dituen gabeziak dira aldarri honen oinarri.

Iratxe Lopez de Aberasturi, Udalbiltzak bertara bidalitako ordezkaritzaren buruaren hitzetan, herritarren gehiengo batek egin du bat eskaera honekin, eta haietako asko gerturatu dira bertaraino. Lopez de Aberasturik biztanle hauen nahia errespetatu eta Trebiñu eta Argantzun ondorio administratiboetarako Arabakoak izatea eskatu du.

«Egoera honek kalterik besterik ez dakar trebiñuarren egunerokotasunean», azaldu du Udalbiltzako ordezkariak. PP eta PSOEren erantzunen inguruan, ezinezkoa dela ukatu du: «Konponbiderako borondate politikorik ez dagoela da arazo bakarra», adierazi du.

Era berean, prozedura honen bidez erabakitzeko eskubidea ere aldarrikatu nahi izan du: «Kasu honek argi frogatzen du erabakitzeko eskubidea pertsonei onura ekartzen dien ariketa praktikoa dela. Garaia da errealitate bat legezko bihurtzeko, Trebiñu Araba baita», amaitu du.