@Ion_Salgado
GASTEIZ

Sakabanaketaren kontrako zapi kateak osatuko ditu Etxeratek Baionan, Iruñean eta Gasteizen

Abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, Etxeratek dispertsioaren aurkako zapi kateakosatuko ditu Baionan, Iruñean eta Gasteizen. Arabako hiriburuan zapi katerik luzeena izango da, Fray Francisco de Vitoria pasealekuan dagoen Espainiako Gobernuko Ordezkaritzatik hasi, Ajuria Enea aurretik igaro eta EAEko Legebiltzarreraino iritsiko baita.

Etxerateko kideek zapi katea osatu dute Gasteizen. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)
Etxerateko kideek zapi katea osatu dute Gasteizen. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Lapurdiko hiriburuaren kasuan, Renne Cassin Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren kartaren egilea jaio zen etxetik Baionako Herriko Etxera osatuko dute zapi katea, arratsaldeko 18.30ean. Iruñean, berriz, katea goizeko 12.00etan izango da Nafarroako Legebiltzarrean.

Zapi kateak herri honetan ematen diren giza eskubideen urraketak salatzea eta ezagutaraztea du helburu. Hala azaldu du Iñaki Gabilondok, Alicia Saenz de Lacuesta euskal presoaren bikotekidak Gasteizen burututako prentsaurrekoan. «Senideak, lagunak, ezagunak eta ezezagunak... sortu ditzagun, guztion artean giza eskubide guztien aldeko zapi kateak. Elkartasun kateak», adierazi du.

Parte hartzeko deialdi «berezia» luzatu dio euskal gizarteari, «sakabanaketarekin amaitu behar dugulako, sakabanaketa salatu egin behar dugulako, giza eskubideen aurkako erasoei amaiera jarri behar diegulako». Izan ere, Euskal Herriak bizi duen testuinguru politiko berri honetan euskal presoek eta haien senideek pairatzen baitituzte «eskubide urraketa sistematikoak».

«Milaka eta milaka kilometro egitera behartzen gaituzte. Urduritasuna, nekea eta tentsioa dira, horren ondorioz, gure eguneroko ogia. Baina ez hori bakarrik. Larriki eri dauden presoen aurkako espetxe politika krudela eta basatia da, erabateko isolamendu egoerek bere horretan jarraitzen dute, presoen aurkako eraso fisikoak edota katxeo eta jazarpenak guretzako», gaineratu du.

Halaber, sakabanaketaz gain preso eta senideek beste «hamaika mendeku» pairatzen dituztela azaldu du. «Giza eskubideen aurkako erasoak; astero, uneoro, sistematikoki. 25 urte hauetan, 16 hildako eragin ditu sakabanaketak. Ehunka zauritu,  jazotako istripuetan. Aitortzarik inoiz izan ez duten biktimak. [...] Zein helbururekin? Noren mesedetan? sakabanaketa politikaren beste biktimarik egongo ez denik inork ezin ziurta dakiguke… hori da gure errealitate gordina», amaitu du.