NAIZ

Brouard eta Muguruza gogoratu dituzte Bilbon eta Gasteizen euren heriotzen urteurrenean

Santi Brouard eta Josu Muguruza, duela 30 eta 25 urte hilak, hurrenez hurren, urtero moduan omendu dituzte Bilbon. Era berean, Gasteizko Legebiltzarrean, Santi Brouarden oroimenean lore eskaintza bat burutu dute alderdi guztietako ordezkariek, lehen aldiz.

Muguruzaren emazte eta alaba eta Brouarden alaba, lore eskaintza egiten. (ARGAZKI PRESS)
Muguruzaren emazte eta alaba eta Brouarden alaba, lore eskaintza egiten. (ARGAZKI PRESS)

Euren heriotzen urteurrena betetzen den egunean, Santi Brouard eta Josu Muguruzaren senide eta lagunek lore eskaintza banarekin gogoratu dituzte Ametzolan eta Errekaldeko plazan. Modu berean, EAJ, EH Bildu, PSE, PP eta UPyD alderdietako legebiltzarkideek eta Iñigo Urkullu lehendakariaren gobernu taldeak hartu dute parte Brouarden omenez Gasteizko Legebiltzarraren atarian egin den lore eskaintzan, duela 30 urte GALek hil ostean. Otsailean adostu zuten alderdi politikoek bateko edo besteko hildako parlamentari denak gogoan izatea.

Datorren azaroaren 27an, Legebiltzarrak Brouarden omenezko oroigarri bat jarriko du.

Lore eskaintzak, Bilbon

Gaurko egunez 1984ean Brouard eta bost urte beranduago Josu Muguruza hil zituztela gogoratu dute, urtero moduan, senide eta lagunek Bilbon, Ametzolan eta Errekaldeko plazan.

Ametzolan Brouarden monolitoan burutu dute omenaldia. Bertan, Edurne Brouard, HBko legebiltzarkidearen alaba, eta Josu Muguruzaren alarguna eta alaba izan dira. Familia eta Egiari Zor fundazioaren izenean, Nagore Mujikak hartu du hitza. EH Bilduko Hasier Arraiz, Rufi Etxeberria edo Pernando Barrena eta EAJko Ibone Bengoetxea eta Andoni Aldekoa, eta PSEko Idoia Mendia ere han izan dira. Errekalden, aldiz, Monica Hernando Lakuako Gobernuko Biktima eta Giza Eskubideen zuzendaria ere izan da.

Lehena 1984ean hil zuten eta bost urte beranduago Muguruza. Biak ziren Herri Batasunekoak eta biak parlamentariak, Brouard Gasteizen eta Muguruza Madrilgo Kongresuan, nahiz eta ez zuen kargua hartzeko denborarik izan, bezperan hil baitzuten tiroz Alcala hoteleko jatetxean.

Kongresuan

Espainiako Kongresura eraman du Muguruzaren hilketaren salaketa Amaiurrek. Larrosa batekin joan dira koaliioko kideak eta larrosa eskuan hartuta egin du bere hitzartzea Rafa Larreina diputatuak.

‘Balek hondatu ez zuten ametsa’

Atzo, oroimenak Donostian hartu zuen bere lekua, ‘Josu Muguruza. Balek hondatu ez zuten ametsa’ liburuaren aurkezpenean. Euskal Herrian ekimen ugari egin dira azken egunetan gerra zikinak hil zituen ezker abertzaleko bi militanteak gogoratzeko. Bilbon Sortuk antolatu zuen pasa den asteburuan ekitaldia ‘Apur ditzagun kateak’ izenburupean eta atzo Donostian Muguruzaren bizitzaren oroimena dakarren ‘Josu Muguruza. Balek hondatu ez zuten ametsa’ liburuaren aurkezpena egin zuen GARAk.

Iñaki Soto zuzendariak eta Mikel Zubimendik, Iñaki Altunarekin batera liburua egin duenak, aurkeztu zuten lan mamitsua. Bertatik bertara ezagutu zutenen ahotik eta Muguruzaren beraren lanetatik abiatuta bere bizitza eta pentsaera ekarri dituzte asteburutik aurrera GARArekin salgai izango den liburura. Honekin batera salduko da Lander Iruin eta Markel Andiak osatu duten ‘Zohardia’ dokumentala ere.