Ohar bidez Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) jakinarazi duenez, aktak euskara hutsez bidaltzeagatik Urquijoren helegitea jaso dute Adun, Arama, Altzaga, Antzuola, Bergara eta Itsasondoko udalek.
«Behar beharrezkoa da euskararen aurkako eraso hauek lehenbailehen gelditzea», nabarmendu du UEMAK, halakoek euskararen normalizaziorako lana «baldintzatu eta oztopatzen» dutela azpimarratuta.
Maren Belastegi UEMAko lehendakariaren esanetan, «udal horietako asko oso txikiak dira eta ez dute epaitegietako gastuei aurre egiteko baliabiderik». «Euskara sustatzeko urratsak ematen ari diren udalak praktikan babesik gabe» daudela ere adierazi du.
Izan ere, Lakuak errekerimendu horiek jaso dituzten udalei babesa adierazi die, baina praktikan inolako eraginik ez duena.
Aipatutako helegiteen aurrean hartu beharreko jokabidea zehazteko gaur bilera egingo du Herri Aginteen Arteko Koordinaziorako Batzordeak (HAKOBA).