GARA eta NAIZeko langileek ere bat egin dute ‘Now Euskal Herrira’ aldarriarekin.
Egun handi horietako bat izango da Bilbon Sarek ‘Now Euskal Herrira’ lelopean dispertsioaren aurka eta euskal presoen eskubideen alde deitu duen manifestazioa, ehunka autobusetan joango dira milaka euskal herritar hiriburu bizkaitarrera eta NAIZek eta GARAk indar berezia egingo dute guztia munduaren begietara erakusteko.
Bi hedabideetako kazetariek Twitter bidez egingo dute zuzeneko kontakizuna, udaletxetik, La Casillatik, Zabalburutik eta manifestazioaren baitatik. Elkarlanak ere garrantzi berezia izango du manifestazioaren kontakizunean, hartara NAIZen bidez jarraitu ahalko da ere 16.45etatik aurrera Info7 irratiak zuzenean eskainiko duen saio berezia. Dispertsioaren hamaika ahots bilduko dituzte emankizunean, bidaietan laguntzen aritzen diren bolondresak izango dituzte gonbidatu eta dispertsioa errepidean eta espetxean bizi izan dutenen testigantza jasoko dute.
17.30etatik aurrera, gainera, saio hori ardatz harturik Hamaika Telebistaren emankizuna hasiko da, beraz irudiak gehituko zaizkio eta mundu osoak Bilbon gertatzen ari dena ikusi ahalko du zuzenean. 22.00etan egunaren laburpen saioa eskainiko du Hamaikak.
Mediabask hedabide sortu berriak eta Kazeta.eus-ek ere manifestazioaren jarraipen berezia egingo dute sare sozialen bidez eta baita euren azaleko orrian ere.
GARA berezia
Egunak emango dituenak gertatu ahala NAIZen ikusi eta irakurri ahalko dira, bertan izango dira eguneko argazkiak eta bideoak, goizetik hasi eta mobilizazioaren argiek ‘Now Euskal Herrira’ oihua mundura zabaldu artean. Igandeko GARAren paperezko edizioa ere berezia izango da, beraz. Mobilizazioaren eremu esanguratsu ezberdinetatik lanean ariko dira taldeko kazetariak manifestazioaren datu esanguratsuenekin eta xehetasun adierazgarrienekin osatzeko biharamuneko alea.