@gara_rpascual | @iontelleria
Bilbo

Kale bete jende dispertsioaren bide iluna argitzeko

Ez da ohiko manifestazioa izan, mobilizazioa izan den arren; ez da urteroko zita hutsa izan, nahiz eta hori ere baden. Udaletxetik Aita Donostia bitarte Bilboko kaleak dispertsioaren iluna argiz pizteko konpromiso eremu izan dira, hemen eta orain presoek etxerako bidea hartzeko garaia dela aldarrikatzeko oihu anitz baina bateratua.

Manifestazioa baino espazio publikoaren okupazio modukoa izan da Bilbokoa; ordu berean eta aldi berean La Casilla inguruak eta udaletxearen bueltakoak jendez lepo ziren, baita bi puntu horietatik Zabalburura arteko bideak ere. Izan ere, manifestazio edo martxa itxurakoa egin duten ia bakarrak asteburu batez ehunka kilometro egiteari utzi eta Sarek antolatutako mobilizazioan izan diren preso eta iheslarien senideak eta Mirentxinen furgonetak izan dira.

Txalo artean hartu dituzte espetxeen hiria eta Euskal Herritik bereizten dituen kilometro kopurua agerian zeramatzaten furgonetak, eta baita atzetik abiatu diren senideen ilara luzeak ere. Kriseilua eskuan eta «Euskal preso eta iheslariak Euskal Herrira» dioten zapiak erakutsiz aurrera egin ezinean ibili dira hainbat unetan.

Berezia izan da mobilizazioa hainbat konturengatik. Adibidez, lehen aldiz aurten sorterrira itzuli diren iheslari ohi ugarik ere parte hartu duelako, baita espetxetik irten berri diren askok ere.

Hunkigarria asteburu honetan bisitari uko eginda manifestazioa abiatu duten senideentzat:

Bi zutabeetan abiatutako senideen martxa hori 18.15 inguruan iritsi da Zabalburu plazara. Bertan Autonomia kaletik zetorren multzoak eta Hurtado de Amezagatik iritsi denak bat egin dute inguruan kabitu ezinean zirenen txalo artean.

Bertsoz egin diete ongi etorria denei Igor Elortzak, Maialen Lujanbiok eta Amets Arzallusek eta kantuz Rafa Ruedak eta Agus Barandiaranek. Fermin Muguruzak eta Saroi Jauregik dispertsioaren amaiera giza eskubideen kontu huts bat dela azpimarratu dute eta legea betetzea besterik ez dela behar, herritarrei presoen eskubideen alde osatutako Sare herritarra indartzeko deia egin diete. Presoen senideen izenean Hegoa Arakamak eta Maite Mangadok sakabanaketa senideen aurkako neurria dela salatu dute eta mendekuz aplikatzen dela.

Hitzak amaituta, argien momentua iritsi da, munduari ‘Now Euskal Herrira’ esatekoa. Izan da nahasmenik bertaratuen artean «- Orain? - Ez, itxaron!» eta behin piztutakoan «Ikusten al dira?», bai bozgorailuetatik «orain!» esan dutenean milaka argiren mugimendu azkarra hasi da.

Batera eta bestera mugituz, bozgorailuetako oharrak jarraituz Autonomia kalearen amaieratik hasi eta Hurtado de Amezagatik behera Zabalburutik igaroz milaka argi-izpi txiki ikus zitezkeen.

Munduak ere ikusi du mezua eta sarean ere eragin nabarmena izan du ekimenak Espainiako Estatuan Twitterren #StopDispersionNow traola izan baita manifestazio orduan hasi eta ondorenekoetan ere erabiliena.

Gaur bi martxen buruan joan diren senideak eta furgonetak errepidean izango dira datorren astetik aurrera, berriz. Gaur 80.000 argi piztu dira bidaia ilun horiek amai daitezen, dispertsioaren ilunari argi eman asmoz eta euskal herritarren gehiengoak argi duela adierazteko.