Bazkalondoan, 15.30ean, elkartu ziren boluntario guztiak Plaza Biribilean, funtzio nagusi batekin: mobilizazioa osatuko zuen lagun bakoitzari bi argi ematea eta nola piztu azaltzea. Kartoizko kaxa handi batzuen inguruan bildu eta antolatzaileetako bat azalpenak ematen hasi zen. 800 boluntario zeuden laguntzeko prest.
Entzule batzuk adi-adi zeuden, bertzeak despistatuago edo erdi txantxetan, baina denak behar zena egiteko gogoz. Adin eta txoko guztietako jendea zegoen, taldetan banatuta, eta bakoitzari gune baten ardura eman zioten. Halere, dinamikoak izateko eskatu zieten boluntarioei, behar bazen mugitzeko. Kutxen barrenean hodiak zeuden, hainbat koloretako argiak. Poltsak ere hartu zituzten, dirua biltzeko, eta bertze elementu garrantzitsu eta sinboliko bat, peto horiak. «Ulertuta? Animo eta eskerrik asko!», bukatu ziren azalpenak, eta inurri bakoitzak bere misioari ekin zion.
Zorrotzako Iraitz Oteizaren eskulturaren ondora abiatu zen, eta kaxa garraiatzen zuen bitartean kontatu zigunez, dispertsioa bukatzeko ekimenetan parte hartzen, ingurukoak konbentzitzen eta egoera ezagutarazteko deialdiak egiten saiatzen da. Auzoan lagun eta ezagun talde bat biltzen da. Preso bat dute Parisen, Saul Kurto, eta haren inguruan makina bat mobilizazio egiten dituzte, bazkarietatik pankartetara. «Auzoko elkarteekin hitz egiten dugu eta, gehienbat, bildu egiten gara. Dinamikak sortu eta kaleratzen ditugu», adierazi zuen gazteak.
Talde berean zegoen Arteako Bego. Bere ustez, zenbat eta jende gehiago mugitu, hobeki. «Denon artean lortu behar dugu arazoa konpontzea. Gu Arratia mailan mugitzen gara. Kontzentrazioak, bisitak... behar dena egiten dugu. Familiekin egon, lagundu... gauza horiek egiten ditugu egunerokotasunean», agertu zuen.
Ez genuen elkarrizketa bat egin etenaldirik gabe, beti hurbiltzen baitzen norbait galdezka edo argien bila. «Bueno, antolatuko gara?», hasi zen taldekide bat ordena pixka bat jartzen. Hala banatu zuten lana: batzuk argiak banatzera eta bertzeak dirua biltzera.
Boluntario aunitz hagitz gazteak ziren, eta horren adibide zen Asier, 17 urtekoa, bera ere Zorrotzakoa. Lehenbiziko aldia zuen halako mobilizazio batean parte hartzen eta «polita» izaten ari zen beretzat «halako mobilizazio bat aurrera ateratzeko ekarpena egiten» ari zela jakitea. «Argien funtzionamenduaz galdetzen didate, pixka bat galduta, baina azaltzen diet eta ondo», erran zigun irribarrez. Solasean ari ginela, momentu berezi bat bizi izan genuen, txalupaz ailegatu baitziren herritar batzuk sarea osatzera, kantari eta txaloka. Lehorrekoek ere hala hartu zituzten.
Bertze aunitz metroz iritsi ziren, eta honen ahoan, Plaza Biribilean zegoen Gasteiz eta Urkabustaizeko kuadrilla bat peto horiarekin. «Preso ezagunak ditugu, bisitak tokatzen zaizkigu, geure egiten dugu arazoa. Denon ardura da, denon artean konpondu beharrekoa», adierazi zuen Goñik. Handik hurbil zegoen bertze boluntario batek, Sopuertako Danielek, aldiz, oinarrizko irizten dio antolatzeari, arlo ugaritan borrokatzeko. Herrian presoen komite bat daukate eta hilabeteko azken ostiralak antolatzen dituzte, hitzaldiak, filmak... «Sozializazio lana egiten dugu, ikus gaitzaten, eta mobilizazio guztietan parte hartzen dugu, era batean ala bestean».
Meatzalde osoa
Abandoko geltokiaren ahoan zegoen Ruth, Meatzalde osoko 18 laguneko taldeko kidea. «Kalean egoteko unea dela uste dut, bakoitza pertsona moduan, berdin da ideologia», defendatu zuen Muskizkoak. Jakinarazi zuenez, bere herrian bada talde bat Saren lan egiten duena eta Meatzalde osoko taldean biltzen dena.
Diman ere bada plataforma bat, Etxean Guroguz izenekoa. Bertako kide da Txelo. Bere iritziz, bakoitzak planteatu behar dio bere buruari zer egin dezakeen, «egiteko asko» baitago, «ez Saren soilik, ez urtean behin soilik; batez ere gure hurbileko jendea kontzientziatu behar dugu». Plataforman «Dispertsioaren liburuxka»-ren aleak banatzen ari dira egunotan, sarekideak egiten... eta urtean zehar makina bat ekintza egiten dute. Adibidez, presoak presente izaten dituzte edozein ekintzatan.
Hala, eskualdez eskualde, herriz herri, pertsonaz pertsona osatu zen atzo ere sarea, udaletxetik Zabalburura eta hemendik La Casillara kaleak betez. Bertan, bakoitzak zuen bere lekua, eta denek zuten garrantzi bera. Eskuek xuabe-xuabe zaindu zituzten boluntarioek emandako argiak, pizteko unea iritsi arte... eta ailegatu zenean begiak argitu zitzaizkien denen artean jositakoa ikusita. Argiak lokarri eta gidari ziren, baita irudimenaren pizgarri ere. Mobilizazioa bukatu eta kaleak husten hasi zirenean, «honekin ez gara galtzen!» erran zuen gazte batek. Eta bertzeak: «Eiffel dorrea makilekin!».