Iker BIZKARGUENAGA

Maitasunak ehundu eta koloreek piztu dute Bilboko «Argi Sarea»

Sare sozialak modan daude gaur egun, eta arraroa da Twitter, Facebook edo halakoren batean -edo denetan- konturik ez duen euskal herritarra. Atzo, aldiz, beste mota bateko sarea irudikatu zuten Bilboko kaleetan hamarka mila lagunek, herri honek oso ondo ezagutzen duena: maitasunak ehuntzen duen elkartasun sarea.

«Argi-sarea». Halaxe izendatu zuen kazetari batek atzo iluntzean Zabalburutik abiatu eta bi aldeetara, La Casillara eta udaletxe aldera, zabaltzen zen olatu koloretsua. Lankidearen asmakizunak bazuen zentzurik, Sarek deituta argiz bete baitziren Bilboko etorbide garrantzitsuenak. Irudia zinez ikusgarria zen, nahiz eta kolore-tutu batzuk ez ziren nahi bezala piztu edo agian goizegi itzali zirelako. Baina berdin-berdin astintzen zituzten horien jabeek, ekitaldia gidatzen zuen lagunak markatzen zuen erritmoan. «Now!» esaten zuen honek, eta Autonomia kalea urdinez, berdez eta gorriz janzten zen; «Orain!» oihukatzen zuten bozgorailuek, eta Hurtado de Amezaga horiz, laranjaz eta arrosaz apaintzen zen.

Eta tutuak gora, tutuak behera, jendetza izugarri batek mezua bidali zion munduari: herri hau ez da sekula nekatuko presoen eskubideak aldarrikatzeaz.

«Les volem lliures»

Eta argiek mobilizaziotzarraren xedea argi utzi ez bazuten, euskal presoen senideak Zabalburura heltzean entzundako txalo zaparradak ziur asko bai. Barren-barrenetik emandako txaloak izan ziren, minutu luzez iraun zutenak. Eta txaloak ez ziren bakarrik heldu, orduantxe gogor entzun baitzen «euskal presoak etxera!» leloa.

Ez zuten lan erraza izan senideek puntu horretaraino heltzea. Batzuk La Casillatik eta beste batzuk udaletxetik abiatuta, mantso egin behar izan zuten aurrera, 17.30 aurretik ere errepide osoa betetzen baitzuen jendetzak. Zorionez, atzo ere Mirentxinen furgoneten laguntza izan zuten, eta ibilgailuek bidea irekitzen lagundu zieten. Furgonetek bakarrik ez, antolakuntzan lanean aritu ziren ehunka boluntarioek sekulako lana egin baitzuten. Batek baino gehiagok ahotsa ere galdu zuen atzo, ziur.

Horrela, apurka-apurka, beren zapia lepoan jarrita zutela, heldu ziren denak heldu behar zuten lekura, Zabalburura. Huraxe baitzen mobilizazioaren erdigunea. Han zeuden zain, besteren artean, beste herrialdeetatik elkartasuna agertzera heldutako lagunak. Euskal Herriaren Lagunak, alegia. Gaztela, Aragoi, Andaluzia, Bretainia, Irlanda eta Herrialde Katalanetako ikurrak ikusi ziren ibilbidean. Bisitarien helburua, Rescat taldearen kartel batek ematen zuen aditzera: «Perquè les volem lliures en una terra lliure». Hitzon ondoan, Marina Bernado eta Dolores Lopez preso katalanen argazkiak, horien falta igartzen dute beren herrian ere.

Lliure, aske, libre, herri honen eskaeren trending topic, zalantzarik gabe. Igor Elortzak, Maialen Lujanbiok eta Amets Arzallusek ere bota zuten hori bertsotan. Ohituta daude Belodromoa edo BEC bezalako agertoki handietan abesten, baina 80.000 lagunen aurrean oholtzara igotzea ez da erronka makala. Halere, baten bat urduritu bazen, ez zitzaion igarri. Ez horiei, ezta Agus Barandiaran eta Rafa Ruedari ere. Mikel Urdangarinen «Zenbat» kantarekin begi-ninia bat baino gehiago bustiarazi zuten biek. Sentimenduei eustea zaila izaten da atzokoa bezalako hitzorduetan, eta bat baino gehiago orduantxe lehertu zen. Beste asko, berriz, Aire Ahizpek «kalera, kalera» abestiaren doinuei heldu zietenean.

Sentimenduak, beraz, airean, eta gogo bakarra denon bihotzetan. Arzallusek kantatu zuen: «Espero dugu hurrengo urtean ospatzera etortzea». Hala bedi.