NAIZ
BILBO

Atxiloketen aurkako mobilizazio ugari Euskal Herri osoan

Hiri, herri eta auzoetan Guardia Zibilak burutu dituen hamasei atxiloketak salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte. Jende andana atera da kalera operazioa gaitzesteko.

Concentración en Intxaurrondo por los detenidos, especialmente por Arantxa Aparicio. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Concentración en Intxaurrondo por los detenidos, especialmente por Arantxa Aparicio. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Egun osoan zehar sarean bezala, kalean ere gaitzespen zabala jaso du Guardia Zibilak burutu duen operazioa, hamasei atxiloturekin –tartean hamabi abokatu– bukatu dena.

Gaur hastekoa zen epaiketaren aurka deituta zeuden hasiera batean mobilizazioak, baina operazioa salatzeko mezuak izan dira nagusi azkenean. 

NAIZek bildutako datuen arabera, Hernanin 600 lagun bildu dira; Sopelan, 100; Abadiñon, 50 inguru; Ibarran, Jon Mintegiagaren herrian, 200 inguru izan dira; Larrabetzun, 100 inguru; Leioan, 125; Usurbilen, 100; Berriozarren, 100; Iruñean, PPren egoitzaren aurrean jende andana bildu da.

Zizurren –Nagore San Martin atxilotu dute bertan– 120 pertsona inguruk egin dute protesta. Arantxa Aparicio bereziki gogoan izan dute Intxaurrondoko elkarretaratzean. Arbizun, Fran Baldaren herrian, 500 lagunek hartu dute parte batzar informatiboan.

Horiez gain, protestak egin dituzte, besteak beste, Bilbon (auzo desberdinetan), Gasteizen, Baionan, Eibarren, Algortan, Elgoibarren, Mundakan, Zeanurin, Antsoainen, Bergaran, Galdakaon, Lekeition, Zumaian, Gernika-Lumon, Ondarroan edota Oiartzunen.