Etxeraten ustez, Auzitegi Gorenak zigor pilaketen inguruan kaleratu duen ebazpenarekin «agerian geratu da» atzoko operatiboaren zentzua zein den. «Europako legediaren aurkako erabakia gauzatu dute, baina ezeren aurretik, defentsa juridikoa, salaketa termino juridikoetan egin zezaketen abokatuak, erditik kendu dituzte», nabarmendu du.
Ildo horretan, eta Gorenaren erabakia Europako legediaren aurkakoa den heinean, «abokaturik gabe nola interpretatu, definitu edota errekurritu» daitekeen galdetu du. «Non daude gure eskubide zibilak?», itaundu du urgentziazko balorazioa egiteko kaleratu duen oharrean.
Erabakiak 56 euskal presori zuzenean eragiten diela gogora ekarri du, baita haien atzean dauden familiei ere. Estatu espainolak «legearen gainetik, Europa eta bere legediaren gainetik, espetxe politikan mendekua gure herriaren aurka» erabiltzen duela salatu du.
Etxeratek deitoratu du «hurrengo epaitegiak kasua aztertzen duen arte» presoek espetxean jarraituko dutela, «beteta duten kondena bat, berriz ere, bahiturik betetzen», 197/2006 doktrinarekin gertatu zen bezala.
Madrilek, giza eskubideak «sistematikoki» urratzeaz gain, «gustazen ez zaiolako» Europako legedia urratu eta «tranpa» egingo duela salatu du eta, horrenbestez, «eskandalu juridiko berri baten aurrean» gaudela erantsi.
Iñigo Urkulluri ere zuzendu zaio presoen senideen elkartea. «Pena eta min handiarekin, gure eskubide zibilak zein giza eskubideak urratzen diren honetan ez dugu ez Eusko Jaurlaritzaren ez euskaldun batzuen lehendakariaren babesik sentitu. Estatuak abokatuak bahitu eta legediaren kontra egin duen honetan, ez dira egon behar luketen lekuan», gaitzetsi du.
Euskal gizarteari, berriz, larunbatean Donostian egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dio. «Arduraz jokatzeko unea da, aski dela esateko unea, giza eskubideak oinarri hartuta, konponbidearen aldeko apustu zintzoa egiteko unea».