NAIZ
DONOSTIA

Erregulazio espediente bat egingo du EiTBk irratietan, ESK sindikatuak salatu duenez

ESK-k salatu duenez, gaur goizean baieztatu du EiTBko zuzendaritzak enplegu erregulazioko espediente bat egingo duela Radio Euskadi, Euskadi Irratia eta Radio Vitorian.

Bilkura izan dute gaur goizean EiTBko zuzendaritzak eta ELA, ESK eta LABeko ordezkaritzak. Bertan baieztatu die erakunde publikoko zuzendaritzak langileen ordezkariei enplegu erregulazioko espediente bat egingo dutela Radio Euskadi, Euskadi Irratia eta Radio Vitorian.

ESK-k ohar batean salatu duenez, azken hamar hilabeteetan hainbat langilek ezkutatu egin dute EEE bat egiteko asmoa zegoela. Zentzu horretan, ohartarazi du denbora luzea daramatela EiTBko «lan suntsiketa» salatzen.

Oharrean, Iñigo Urkullu lehendakariak EiTBko enplegua mantentzearen alde egindako adierazpenak ere ekarri dituzte gogora. Orduko hartan, Estatu espainiarreko beste zenbait telebista eta irrati publikoetan egiten ari ziren murrizketen aurrean, euskal irrati eta telebista publikoaren bideragarritasuna azpimarratu zuen.

«Urte bat geroago, ESK-k zituen aurreikuspen beltzenak baieztatu dira», dio sindikatuak. Hala, Gasteizko Legebiltzarrari Maite Iturberen dimisioa eskatu dio.

ELAk «ez du onartuko» EEErik EiTBn

ELA sindikatuak prentsa ohar baten bidez azaldu du EiTBko zuzendaritzak gaur bertan eman diela enplegu erregulazioko espedientearen berri. Hala, sindikatuaren «berehalako gaitzespena» jaso duela adierazi du, baita beronen aurka joko duela ere.

ELAren iritziz, «guztiz arbuiagarria» erakunde publiko batean lan erreforma erabiltzea lanpostuen «suntsiketa» ekarriko duen EEE bat aurkezteko.