@nagore belastegi
Donostia

Haur eskolen zerbitzua familien beharretara egokitu ahal izatea eskatu du EH Bilduk

Administrazioak inplikatu egin behar direla uste du koalizio abertzaleak. Kuota garestiegiak direla-eta, horiek familien beharretara egokitzea eskatuko du ostiraleko Haurreskolen Partzuergoaren Batzar Nagusian. Era berean, plazak gehitzea eta horiek lortzeko erraztasunak egotea nahi dute.

Andoni Gartzia, Astigarragako alkatea, eta Maialen Urzelai, Oñatiko zinegotzia gaur goizeko agerraldian. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Andoni Gartzia, Astigarragako alkatea, eta Maialen Urzelai, Oñatiko zinegotzia gaur goizeko agerraldian. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Andoni Gartzia Astigarrako alkateak eta Maialen Urzelai Oñatiko zinegotziak agerraldia egin dute gaur goizean Donostian. EH Bilduren izenean hitz eginez, aipatu dute Cristina Uriarteren departamentuak ez duela haur eskolen alde gehiegi egiten. Hori dela-eta, datorren ostiralean ospatuko den Haurreskolen Partzuergoaren Batzar Nagusian euren proposamenak egingo dituzte.

Uste dute haur eskolek zerbitzu oso garrantzitsua egiten dutela batez ere herri txikietan, haurrak bertan gelditu daitezkeelako eta gurasoek familia eta lana errazago bateratu ditzazketelako. Gainera, emakumearen emantzipazioa sustatzen dutela uste dute. Horregatik, haur eskolen kuota garestiak salatu dituzte. «Bost orduko zerbitzuak 160 euro balio ditu eta 8 ordukoak 208 euro. Aurrekuotak 148 euro balio ditu eta baja emanez gero ez zaie diru hori itzultzen», azaldu dute.

EH Bilduko bozeramaileek uste dute, gainera, matrikulazio garaiari buruz informazio eskasa ematen dela. Horrek eragin du, datuak konparatuz gero, 2011-2012 ikasturtea 2014-2015koarekin alderatuta 400 haur gutxiago matrikulatu izana. Hala, euren intentzioa da kezka guzti hauek Haurreskolen Partzuergoan islatzea eta gogoeta bat egitea. Familien egoerari egokitutako ordutegi eta kuota progresiboak proposatuko dituzte.