Ikerketak iraun duen bitartean azterketan parte hartzen ari ziren hainbat torturaturen aurkako epaiketak egin dira. Istanbuleko Protokoloari jarraiki pertsona hauei zegozkien adituen txostenak eginda zeudenez, abokatuek epaiketan froga gisa erabili dituzte, eta, Olatz Barrenetxeak nabarmendu duenez, erabilitako hiru epaiketetan auzipetutako herritarrak absolbitu egin dituzte.
Entzutetsuena, baina, Segiko kide izatea leporatuta atxilotutako 40 gazteen aurkako epaiketa izan da. Istanbuleko Protokoloa halako makroepaiketa batean erabiltzen zen lehen aldia zen eta auzipetu guztiak absolbitu egin zituzten. Olatz Barrenetxea psikologoa Auzitegi Nazionalean izan zen auzipetuek egindako tortura salaketen eta jasandako tratuak utzitako ondorioen arteko lotura epaileen aurrean azalduz. Ez zen lehen aldia Madrileko epaitegi horretan bere bezeroen testigantzen berri ematen zuela, baina auzi hura «desberdina» izan zela dio. «Oso kontuan hartu zituzten aurkeztutako adituen txostenak, Istanbuleko Protokoloarekiko interesa erakutsi zuten, galdetuz eta ulertu nahian. Beste askotan guk egindako informeak irakurri ere ez dituztela egin dirudi, baina oraingoan ezberdina izan zen», gaineratu du.
Gazte guztiak absolbitzeaz gainera, epaiak tortura lekukotzak jasotzen ditu bai eta Istanbuleko Protokoloa bera aipatu ere.
Orain ikusteke dago Segiko kide izatea leporatuta epaitutako beste 28 gazteen epaian ere Istanbuleko Protokoloak sinesgarri jotako tortura testigantzak aintzat hartzen diren edo ez.