Hiruzpalau minututan gola gertu ikusi du Athleticek lehen zatian. 19. minutuan Beñatek falta jaurti eta Mikel Ricok zeharka ikutu duen baloiak zutoina jo du. Gutxira De Marcosek izan du boleaz aukera eta Adurizek geroxeago, baina baloiak ez zuen sartu nahi eta hutsean amaitu da lehen zatia. Hala ere, itxura ona zuen partidak eta bigarren zatian leheneko aukerak gol bilakatzeko gogoz irten dira Valverderenak.
68. minutuan Insua Granadako jokalaria kalera bota du epaileak, Markel Susaetari egindako sarrera bortitzagatik. 20 minututik gora zituen Athleticek partida bere aldera eramateko baina ezin. Azken minutuetan gezurra zirudien Granada bat gutxiagorekin eta min hartuta zegoen Pitirekin jokatzen ari zenik, izan ere, Iker Muniainen aukera bat kenduta, Granadak berak izan ditu azken bizpahiru aukerak.
Berdinketa azkenean eta Athletic atzera begira egoteari utzi ezinda.