NAIZ

300 kazetari eta argazkilarik baino gehiagok babestu dute Iraitz Salegiren kasua

Euskal Herriko 59 hedabidetako 300 kazetari eta argazkilari baino gehiagok sinatu dute ‘Kazetaritza ez da delitua’ manifestua, Topatu.info-ko Iraitz Salegiren kasua eta Mozal Legea salatzeko.  

Iraitz Salegi, kanpainaren irudian. (KAZETARITZA EZ DA DELITUA)
Iraitz Salegi, kanpainaren irudian. (KAZETARITZA EZ DA DELITUA)

300 kazetari eta argazkilari eta komunikazio langile baino gehiagok babestu dute ‘Kazetaritza ez da delitua’ kanpaina, zeinetan Iraitz Salegiren kasua eta Mozal Legea salatu nahi diren. Orotara, 59 hedabide desberdinetako kideak batu dira babes kanpaina honen atzean.

Manifestu baten bitartez gogoratu dute Mozal Legeak zuzenean eragiten diola komunikazioaren lanari. «Manifestarien aurkako poliziaren gehiegizko indarraren erabileraren berri ematea, etxe-gabetzeen zuzeneko kontakizuna egitea eta kolegiatu gabeko kazetaritza herritarra delitu bilakatu nahi ditu», azpimarratu dute.

Honen baitan kokatzen dute ere Iraitz Salegi, Topatu.info-ko kazetariaren kasua. 2013ko martxoan Ernai gazte antolakundeak Urduñan antolatu zuen Gazte Danbadan kazetari lana egiteagatik «terrorismoa goratzea» leporatzen diote, eta 18 hilabeteko espetxe zigorra eskatu. Epaiketa maiatzean iritsiko da.

«Beste hainbat gauzaren artean, gure inguruko ekimen, ekitaldi, istilu, gertakari edo manifestazioen berri ematea kazetarion egitekoa da, eta gure lan publikoa egitea ezin da inolaz ere delitu bilakatu. Mezularia zigortu nahi dute», sinatzen du manifestuak.

Honela, Mozal Legea komunikazio langileen lana «baldintzatzeko» erabilia izango dela ulertzen dute. Honela, kazetaritza «askea ezean, ez dela kazetaritza» defendatu dute. «Kazetariok ez gara delitu!», sinatzen du manifestuak amaieran.

Azkenik, komunikazio arloko jende gehiago kanpainara batzeko deia egin dute.