Baionan egin duten agerraldian Iker Elizaldek eta Juliette Bergouignanek azaldu duenez, EH Baik ez du boto kontsignarik emango bigarren itzuliari begira eta ez du akordiorik egingo beste indar politikoekin. Hautesleek «libreki» erabakitzea nahi dute.
Lehen itzulian 17.779 boto eskuratu ditu EH Baik hamabi kantonamenduetan eta bigarren itzulian bost kantonamendutan izango da. Emaitza horiek «biziki baikorrak» direla adierazi eta EH Bai «indartzen ari den mugimendua» dela nabarmendu dute. «Gauzatzen ari den alternatiba da, herritarrengandik hurbil dagoena», zehaztu du Elizaldek. Halaber, alderdiaren ustez «politika liberalak desorekak handitzen ditu eta EH Bai lurraldean sustraitua da».
«Bestelako politika bat egin nahi dugu eta denen artean erabaki nahi dugu», erantsi du ordezkari abertzaleak. Horregatik, departamenduko hauteskundeen bozen ondotik, kantonamendu bakoitzean bilerak antolatu dituzte emaitzak baloratzeko eta erabakiak hartzeko. Hain zuzen ere, orotara 300 militante inguru bildu dira.
Donibane Lohizuneko kantonamenduan PSk adierazi dien babesa dela-eta, EH Baik «ongi etorria» dela adierazi du, baina beren aldetik «akordiorik ez» dutela egingo azpimarratu du. «Gure proiektua defendatu nahi dugu eta zuzenean hautesleei zuzentzen gira. Gurekin bat egiten dutenak EH Bai bozkatzera deitzen ditugu», aldarrikatu du.