@gara_miantzi

Euskara ikasleen atxikimendu berezia

Korrikarekin egunero gabiltzan kazetari taldeak Foruko barnetegian hartu dugu bart ostatu, Lapurdiko euskara ikasle batzuekin. Gauean lasterketa utzi eta idaztera erretiratzean, nekatuta eta gosetuta, hara non agertu zaizkigun alaitasunez beteta, sagardo botila eta solasa eskainiz. Aunitzetan, burua ordenagailuan edo mugikorrean sartuta egoten gara denbora gehiegi… Baina gazte kuadrilla honek begirada altxarazi digu. Etxean bertan dugu erreportajea.

Korrika Mungian barrena. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Korrika Mungian barrena. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Sukaldariak sukaldera gonbidatu eta lapiko eder bat ireki du: itxura ederra du pureak, zer erranik ez ondoko oilaskoak… Hozkailuan, flanak eta marrubiak ase arte. Eurekin afalduko dugun galdetu digute, baina oraindik ez dugu artikulua bukatu eta bukatu dugunerako eurak ohatzera doaz. Bihar goiz jaiki behar dute, seietan hitzordua dute Korrikarekin barnetegiko atean bertan.

Lana bukatzean sukaldera sartu eta mahaia jarrita topatu dugu, eta hurrengo goizean, gosaria prest. Ohiko iratzargailuaren ordez, furgoneten eta hauen gibeletik hamaika egunez etengabe doazen lagunen melodia bereziak ernatu gaitu. Melodia gure ametsekin nahasi, buelta erdi eman eta gustura segitu dugu lotan.

Gosaldu, prestatu eta egun berri bati ekiteko eta bertze aterpe batera eramateko maleta egiten ari garelarik hasi dira ikasleak etxera ailegatzen. Masailak gorri, izerditan, nekatuta eta irribarrez datoz, eta hankak luzatzen dituzten bitartean kontatu digute Forutik Bermeoraino egin dutela laster. 12-13 kilometro.

Angeluko Anaizek erran digu kontzentratuta ibili direla, gaua zela eta ez zela sobera ikusten, baina giro onean egin dutela bidea. «Baionan ere egin dugu korrika, herri barnean pasa zen, kale ttikietatik. Plazer hartzen dut ikustean hainbertze jendek parte hartzen duela», dio. Senpereko Marko batu zaigu eta Anaiz ez bezala –bera haur eskolan ele bitan aritzen zen jada eta Korrika Txikia egiten zuen–, euskara ikasten 18 urterekin hasi zela komentatu du. «Bost urtez ibili nintzen AEKn, gero utzi egin nuen eta duela hiru urte berriz hasi naiz».

Poza ematen dio Markori euskara zabaltzen duen Korrikak. Bermeora iristean, jende pila bat bazen eta kontent da horrekin. Maldak direnean eta laster egitea zaila izaten hasten denean, animo, txalo eta oihuek ikaragarri laguntzen dutela erantsi du.

Igandean, Bilbora joanen da emaztearekin eta bi semeekin –ttikiak ikastolan dabiltza eta Markok euskaraz egiten du eurekin betidanik–. Gainerako ikasleak ere Korrikaren amaieran izanen dira. Beraz, han elkartuko gara. Milesker denagatik eta Bilbora arte!