Maider IANTZI

KORRONTEAREN KONTRA IGERIAN IKASTEN

AZKEN-AURREKO ETAPAN, IKASGAI EDERRA IKASI DU KORRIKAK EUSKARAZ BIZITZEKO BIDEAN AITZINERA EGITEKO. LAUTADAKO ETA GASTEIZKO HERRITARREK IRAKATSI DIOTE HELBURUA LORTZEKO PAUSOAK EMATEA BAKARRIK EZ, KORRONTEAREN KONTRA IGERI EGITEA ERE BEHAR-BEHARREZKOA DELA. HAMAIKA EGUNEN ONDOTIK, HELMUGARA IRITSIKO DA GAUR.

Bilbora ailegatu aitzinetik, hiriburu bat bisitatzea gelditzen zitzaion AEKren ekimenari, Gasteiz. Eta erran dezakegu herritarren harrera beroa jasota, eurekin batera sekulako besta bizita, inoiz egin gabeko gauza bat egiteko puntuan egon dela, egin ezin duen zerbait, gelditzea alegia. Hainbertze gozatu du gasteiztarrekin... Baina lasai, badator-eta helmugara.

Lautadatik hiriburura sartzean, lehendabizi Salburua, ondoren Santa Lucia, Batan, Ariznabarra, Zabalgana... zeharkatuz, a ze zirrara auzoetako jendearen erantzunarekin. Eta Alde Zaharrari buruz, zer idatzi, Korrikarekin batera gu ere han geldituko ginatekeela gehixeago, Kutxi kalearen inguruan.

Izan ere, lasterketa iritsi baino aunitzez lehenagotik, barraskiloen moduan eguzkitara atera da hamaika herri mugimendu eta jende gehiago. Karpak eta postuak han eta hemen, eltze handietan janaria borborka, eta jendea oraindik gehiago.

Herri mugimendua egosten

Basatiak blusek eta neskek poteoa aurreratu dute Korrika dela-eta. Eurengana hurbildu eta berehala aurkeztu digute taldeko “komunikazio arduraduna”, Iñigo Vicuña. 15.03an hartuko dute lekukoa Kutxi amaieran eta 10.30ean gelditu dira gosaltzeko (arrautza frijituak, hirugiharra, txorizoa...). Azaldu duenez, blusak jaietatik harago zabaldu nahi dituzte, eta hori ikusarazteko atera dira beren jantzi bereziak soinean.

Haiengandik ez hagitz urrun, kalean estudio bat muntatu dute Hala Bedi irratiko kideek, tartean AEK-ko irakaslea ere baden Maitane Arnaizek. Saio berezia prestatu dute Korrikaren jarraipena egiteko, eguerditik hiruretara, orduan eramanen baitute testigua, hainbat talderekin, Alea, Gaztezulo, Geu Elkartea eta Hirinet, euskal hedabideak Gasteizen bizitzen ari diren loraldiaren erakusgarri.

Euskaltegiei dagokienez, orokorrean matrikulazioak guttitu egin direla agertu du Arnaizek. «Badira urte batzuk, eta beherakada horren arrazoi nagusietakoa ekonomikoa da. Diru laguntzak urriak dira, AEK-k aldarrikatzen duen doakotasunetik urrun gaude». Baina, aldi berean, Arabako herrietan matrikulazioetan gorakada izan dela nabarmendu du: Argantzunen, Trebiñun, Langraiz Okan, Rivabellosan, Zigoitian... %33 igo dira aurten matrikulazioak. Badira inguru batzuk erdaldunagoak izan direnak, Trebiñu eta Añana kasu, baina ahalegina egiten ari dira hauetan ere euskara zabaltzeko. Araban, oro har, euskara hedatzen ari dela eta erabilera apalxeagoa dela azaldu du irakasleak.

Ikasteko nahiaren adibide bezala, kontatu du hizkuntza eskolan matrikula aunitzez merkeagoa dela eta euskarako klaseetan lekuak beteta zeudenez, 800 lagun gelditu zirela kanpoan, ikasi nahi eta ezinean.

«Alea» eta gaztetxea

Lehen aipatutako hedabideen loraldi horren fruitua da “Alea”, Arabako astekaria. Lehen zenbakia urtarrilaren 26an atera zuen. Geroztik, ostiralero argitaratzen ditu 32 orri, Araba osoko eskualdeetako informazioarekin. Horretarako, bost laguneko lantaldeaz gain, kolaboratzaile sare bat osatu du. Proiektu irekia, anitza eta parte-hartzailea izatea nahi dute. Sustatzaileetako batek, Aritzek, kamiseta oparitzearekin batera, Araban ez zela paperean ezaugarri hauetako astekaririk eta euskararen normalizaziorako ona dela azpimarratu du. Ilusioz eta irrikaz hartu du jendeak.

Gero eta beteagoak eta biziagoak dauden kaleetan dabiltza Sarekoak ere, presoek ere euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea dutela aldarrikatzen. Postutxo bat jarri dute eta beren kilometroa eginen dute Green Capital plazatik hasita. Lagun izanen dituzte, bertzeak bertze, gaztetxekoak. Aurten ez dute kilometroa erosi, baina Korrikan parte hartzen ari dira. AEKrekin elkarlanean ekintzak antolatu dituzte, nagusienak bertso-hopa eta herri DJa.

Gaztetxeak 27 urte ditu eta lehen urteetan guztiz erdalduna bazen ere, 90eko hamarkadatik aitzinera euskalduntzen hasi eta gaur egun guztiz euskalduna da. Euskara da gaztetxeko ama hizkuntza. Hirian gertatzen ari denaren isla da.

Instituzioetako kideak

Bizikletak dira hiri honen bertze ezaugarri bat eta Korrikan ere izan dute beren lekua, martxa ireki baitute. Haien ondotik iragan dira, lekukoa hartuta, Lakuako ordezkariak, alderdi guztietakoak UPyDkoak izan ezik. Aipagarria da beren kilometroan EHEk pankarta bat zabaldu duela, «Euskararen alde egon? Euskararen alde egin», aldarrikapenarekin. Udal talde guztiek ere laster egin dute.

Gasteiz bezala, Arabako Lautada ere aunitz euskaldundu da urte guttitan. Bertan ibili da goizean Korrika. Zeledonek ongietorria egin dio bere jaioterrian, Zalduondon, herritar ugarirekin batera. Adibidez, Olatzagutiko familia bat, ama eta seme-alaba ttikiak, aita animatzeko prest egon dira, Olatzagutian laster pixka bat egin ondotik. Goiz jaiki dira, 05.50ean, baina merezi izan du. Pozarren daude.

Badator tropela, tartean aita. «Agurainera!» egin dio oihu familiari. Gustura dabil lasterka. «Bueno, ba Agurainera!» animatzaileek ere.

Oriotarrei pentsarazi nahi

Jendetzak jendetza du zain Agurainen, txarangak alaituta. Panderoa jotzen ari da Ismael. Menorcakoa da eta Gasteizen bizi da. Panderojolea da, gitarrajolea, euskara ikaslea... eta esataria Hala Bedi irratian. “Euskaldun txarrak” irratsaioa egiten du bertze euskara ikasle batzuekin batera, euskaltegiko ikasleentzat, «beldurra kentzeko». Ez dituzte bereizten euskaldun berriak eta zaharrak, kontua euskaraz egitea dela diote, eta hortik dator irratsaioaren izena.

Txarangaren ondoan, horiz jantzitako talde bat dago. Oriotarrak dira. Baina herri euskaldun honetatik ez dira deus erakustera etorri, ikastera baizik. «Barrura begirako ekimen bat da», argitu du Javier Zabaleta Orioko Korrika batzordeko kideak. «Aguraingo euskaltzaleengandik asko dugu ikasteko. Ohituta daude korrontearen kontra igeri egiten, ohituta euskalduntasun horretan gotortzen, eta kontzientzia hori falta dugu Orion», adierazi du.