«Emozioz jositako Korrika bizi izan dugu. Oso hunkituta gaude AEKren familia osatzen dugun guztiok. Korrikak piztu dituen emozioak eta sentimenduak egunero eta bitarteko desberdinen bidez zabaldu dira. Hamaika argazki, bideo, mezu, txio gorde ditugu adibide moduan. Beraz, esan dezakegu, euriak blaitu bagaitu ere, Korrika uholdea izan dela, jende uholde beroa euskararen garra 11 egunez pizturik izan duena. Jende uholderik handiena izan dela diogu 2.500 kilometro horietan inoizko jendetzarik handiena ikusi dugulako», azaldu du Asier Amondo Korrikako arduradunak, Mertxe Mugika AEKren koordinatzailearekin eta AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideekin Bilbon egin duen agerraldian.
Korrikan modu batera edo bestera parte hartu duten guztiei zorionak eta eskerrak emanez hasi du agerraldia Amondok. Urepelekoa «inoizko abiatzerik indartsuena» izan zela esan du, eta Bilboko bukaera, berriz, «euskaltzaleen uholde zoragarria». Bizkaiko hiriburuko kaleetan bizitakoa, goiz goizetik, «Korrika honen adibiderik esanguratsuena» izan zen Amondoren esanetan.
Euskal Herriaren mugetatik kanpo izan diren Korrikei buruz ere mintzatu da. Azaldu duenez, kontinente guztietan 50 bat Korrika txiki egin dira edo egiten ari dira egun hauetan. «‘Txiki’ diogu milaka kilometro egiten ez dituztelako, milaka lagun bildu gabe, baina urrunean kanpoan bizi diren euskaltzaleek, askotan bertako jendearen babesarekin, egiten duten ekarpena oso handia da: euskara eta Korrika mundu zabalean kokatzen dute, eta laguntzen dutelako hemen bizi dugun Korrika mundiala izaten», goraipatu du.
Hedapenari dagokionez ere, inoizko Korrikarik handiena izan dela azpimarratu du Amondok, eta hedabideek egin duten jarraipena ere goraipatu du, horrek ere lagundu duelako ekimenaren arrakasta ziurtatzen.
«Hemendik aurrera, zer?»
«Hemendik aurrera, zer?» galderari Mertxe Mugikak erantzun dio. Lorea Agirrek idatzitako mezuan adierazi bezala, «auzia ez da izan ala ez izan, baizik eta ekitea. Egiten duguna gara. Izatea egitea da», nabarmendu du.
Mugikak azaldu du Korrika 19k hainbat mezu indartu dituela. Alde batetik, Euskal Herriko herritarrek «inoiz baino ozenago aldarrikatu dugu euskaraz bizi nahi dugula eta edozeren gainetik lortuko dugula» eta, era berean, euskaltegien izaera estrategikoa agerian geratu da.
«Euskararen normalizazioan rol estrategikoa jokatzen du helduen euskalduntzeak. Belaunaldi berri eleanitzak behar ditugun bezala, helduagoa den jendartean euskararen partidari heltzeko aroan gaude. Ekimenerako ordua dugu, mugitzekoa, eta gero eta nabarmenago azpimarratu nahi izan dugu hori», esan du.
Ildo horretan, euskalduntze-alfabetatze sektorearen egoera normalizatzeko ibilbide orria «lehenbailehen eta euskararen lurralde osoan» eskatu du, eta irtenbidea «administrazioetatik» etorri behar dela aldarrikatu, «elkarlanetik eta irtenbide partekatuak adostetik, hain zuzen ere».
Horrekin batera, euskararen normalizazioa «erdigunean» kokatu behar dela esan du, datozen urteetan asko dagoelako jokoan eta «baldintza egokiak» daudelako «euskarararen normalizazio prozesua bizkortzeko».
Administrazio guztiak euskahaldundu
Korrikan parte hartu duten euskaltzale erdaldun guztiei mezu bat ere helarazi die Mugikak. «Uda dator eta udako ikastaro trinkoak nahiz barnetegiak prest ditugu, eta nola ez, irailean ere ikasturte berriari ekingo diogu. Euskaltegien ateak zabal-zabalik dituzue euskalduntzeko, euskahalduntzeko!».
Azkenik, «euskararen eta euskahalduntzearen erronka kolektiboa» dela gogoratu du Mugikak, eta «elkarlanerako eskuak zabalik» dituztela ziurtatu du. «Are gehiago, gonbite zehatza luzatzen dugu herri honen administrazio guztiak euskahalduntzeko eta, hizkuntz politika ekintzaile eta egokien bidez, herritarren ahalduntzea eta euskaraz bizitzeko nahia lehenbailehen bidera dezaten. Izan ere, euskararen auzia politikoa da», amaitu du.