NAIZ
DONOSTIA

‘Gorputz Grafiak’, mugimendu feministaren azken 40 urteak errepasatzen dituen erakusketa

Euskal Herriko mugimendu feministaren azken 40 urteen errepasoa egiten duen ‘Gorputz Grafiak’ erakusketa zabalduko dute bihar Donostiako Koldo Mitxelenan. Erakusketarekin batera, ‘Gure genealogia feministak’ izeneko liburua aurkeztuko dute.

‘Gorputz Grafiak’ erakusketaren aurkezpen agerraldia. (GIPUZKOABERRI)
‘Gorputz Grafiak’ erakusketaren aurkezpen agerraldia. (GIPUZKOABERRI)

Garazi Lopez de Etxezarreta eta Laura Gomez Gipuzkoako Aldundiko Kulturako eta Berdintasunerako zuzendariek Miren Aranguren, Edurne Epelde eta Iratxe Retolaza mugimendu feministako kideekin batera, ‘Gorputz Grafiak’ erakusketa aurkeztu dute.

Bihar zabalduko da aipatu erakusketa Koldo Mitxelena kulturguneko Ganbara aretoan, 19.00etatik aurrera. Bertan, hainbat material grafiko eta beste hainbat pieza aurkituko dituzte bisitariek, borroka feministak 60ko hamarkadatik hona bizi izan dituen antolaketa ereduei, jardunaldiei, eztabaidei eta aldarrikapenei buruzkoak.

Erakusketarekin batera, ‘Gure genealogia feministak’ izeneko liburua aurkeztuko da, baita dokumental bat ere.

Proiektuaren %40 finantzatu dute Aldundiko Berdintasun era Kultura zuzendaritzek: lehenengoak ikerketari lagundu dio eta bigarrenak, aldiz, erakusketa eta jarduera egitaraua babesten ditu.