Kartelez beteta esnatu da Maiatzaren Lehena, eztarriak aldarrikapen egarriz. Maitane Huarte 19 urteko donostiar gazteak adierazi bezala, «behintzat hemen gaudela eta haserre gaudela» erakusteko. Soziologia ikasle honek, Anticapitalistas taldearen bandera eskuetan, batzuek kalera ateratzeak ez duela ezertarako balio pentsatzen dutela, baina hori egitea hagitz garrantzitsua dela nabarmendu du.
CNT eta ESKrekin batera atera da Huarte, eguerdian puntuan, Bretxatik. Ordu erdi geroago, LABeko eskualdeko manifestazioa hasi da. Bertan parte hartu duen Maribel Alberdi 49 urteko antiguatarrak adierazi du badirela langileak beldurragatik protesta egiten ez dutenak eta dutenari heltzen diotenak, baina justu kontrakoa egin behar dela deritzo: aktibatu, «aldaketa gure esku dagoelako».
«Jo ta ke, irabazi arte» eta «independentzia eta sozialismoa» izan dira martxa honetan egin dituzten oihu batzuk. Bandera gorriz eta morez jantzita zeharkatu dituzte Gipuzkoako hiriburuko kaleak.
Gaur aldarrikapenez josita daude pareta eta espaloiak. Adibidez, Laboral Kutxaren parean "Miren gogoan, lan kaleratzerik, etxe kaleratzerik ez, kapitalismoa hiltzailea" irakur daiteke, eta San Martinen, Bangladeseko emakumeei elkartasuna adierazteko panpina odolduak eta kartelak ikus daitezke.
Espainiar Enplegu eta Gizarte Segurantzaren Ministerioaren parera iristean, «Desobedientziaz, burujabetza!» aldarrikatu dute LABeko martxan parte hartu duten herritarrek, tartean Ernaiko gazteek. «Maiatzaren Lehena ez da jai eguna, lau pezetagatik gure eskulana saltzera behartuta gaudela dirudi, baina gurekin jai dute», agertu dute.
Bulebarreko kioskora heltzean egin duten ekitaldian, ideia horri tiraka, zera erran dute: «Gaur ez dugu ezer ospatzeko, baina badugu zertaz harro egon». Hauteskundeen testuinguruan «errekuperazioaren diskurtsoa» aditzea lotsagarria dela azaldu dute, «milaka lanpostu suntsitzen» ari direlako. «Langileok ari gara lanpostuak eta lan eskubideak defendatzen», azpimarratu dute, eta «gora langile borrokalariak!» oihukatu. Oroitu dutenez, borroka betean dira, adibidez, osasungintzako langileak, baita Movistarrekoak ere. Azken hauek postu bat muntatu dute udaletxe ondoan jendeari informazioa emateko eta enpresari lan baldintza duinak eskatzeko.
Ekitaldia bukatzeko, LABek 40 urte bete dituela eta lau hamarkada hauetan egindako lanarekin harro daudela adierazi dute sindikatu abertzaleko bozeramaileek. Ekintza indartzera eta berritzera doazela erantsi dute, «erabat zatitua» dagoen langileriarentzat «erreferentzia» izate aldera.