NAIZ
IRUÑEA

EH Bilduk Agoizko adibidea aldarrikatu du UPN Foruen defentsan babesten den bitartean

Egun etxekoia gaurkoa Nafarroako hautagaientzat. Agoitzen egon den EH Bilduko hautagaina izan ezik, gainontzekoak Iruñerrian pasa dute kanpainako bostgarren eguna. Foruak, enplegua, Navarra Arena eta politika soziala izan dira, besteak beste, gaiak.

EH Bilduren ekitaldia gaur arratsaldean Agoitzen. (EH BILDU)
EH Bilduren ekitaldia gaur arratsaldean Agoitzen. (EH BILDU)

Agoitz ez da edozein herri. Javier Esparza UPNko hautagaia alkate izandakoan utzitako diru zuloak estali behar izan ditu azken lau urteetan EH Bilduko alkate den Unai Lakok. Arrakasta handiarekin, herriko hautagaitzak ikusita (soilik PSN eta EH Bildu aurkeztu dira) aise errepikatuko duelako eta. Egindako lana aldarrikatzeko, EH Bilduko lehendakarigai Adolfo Araiz Agoitzera joan da gaur, bertako udalak «gauzak kudeatzeko bestelako moduak daudela» erakutsi duela aldarrikatzeko.

Lehia elektoralean sartuta, Araizek Nafarroak «EH Bildu indartsu bat behar» duela ziurtatu du, «aldaketarekin herritarrak garaile ateratzen direlako». «Agoitzen bezala, Nafarroan ere aldaketa sakona aurrera eramango dugu», gehitu du Araizek, Lako ondoan zuela. Alkateak Esparzak azken egunetan Agoitzi buruz esandakoak ekarri ditu gogora: «Agoitzen beldurra eta askatasun falta dagoela esatea herriko bizilagun gustiekiko errespetu falta izugarria da». «Benetan ez al da pozten egun Agoitzen bizi dugun elkarbizitza eta giro onarekin?», galdetu du Lakok.

Baina Agoitz alde batera utzi du gaur Esparzak. Iruñeko Foruen monumentuan egin du goizean ekitaldia, «nafar guztiek, belaunaldiz belaunaldi, semeei foruak irakasten» dizkietela ziurtatuz, eta aldi berean UPN autogobernu nafarra defendatzen duen alderdi «bakarra» dela esanez. UPNek ere ez du eguna kexarik egin gabe pasa, kanpainan birritan egin duen bezala. Gaur Iruñeko alkategaia, Enrique Maya, udaltzaingoen protestek bere kanpaina oztopatzen dutela salatzen saiatu da.

Iruñetik mugitu gabe, Geroa Baik enplegu politiketan zentratu du gaurko mezua, departamentu bakoitzaren %0,5a kalitatezko lan sorkuntzara bideratuko duela iragarriz. Uxue Barkos hautagaiak bere proposamenak «kea» ez direla zin egin eta «guztiz onargarriak eta bideragarriak» direla defendatu du. «Ez da bakarrik soldata auzia, lan ziurtasunari buruz ere ari gara», gehitu du Barkosen, atzo Funesen hildako bi langileak gogora ekarriz. Ezbehar hau dela eta, Izquierda-Ezkerrako hautagaiek gaurko kanpaina ekitaldiak bertan behera utzi dituzte.

Bestalde, PSNko hautagai María Chivitek Navarra Arena makroegitura izan du gaur mintzagai, baina ez ezer garbirik proposatzeko, «ideien lehiaketa bat» antolatuko duela iragartzeko baizik. Aldi berean, PSNri buruz hitz egin du gaur PPko zuzendaritzako kide Javier Arenasek, Nafarroan bisitan Gipuzkoatik pasa ostean. PP eta Bildu alderatzea «irain bat» dela esan du, sozialistek ez batzuekin ez besteekin ez dutela paktatuko esana dutela konparatuz.

Todo sobre M24