NAIZ
DONOSTIA

EAJk lortu ditu bozka gehien Donostian, eta EH Bildu hirugarrenera erori da

Boto guztiak zenbatuta, EAJk lortuko ditu bozka gehien Donostian, bederatzi zinegotzi lortuz (29.029 bozka). Azken lau urteotan alkatetza izan duen EH Bildu, aldiz, hirugarren tokian kokatu da, sei zinegotzi eskuratuz (20.467 bozka).

EAJ laugarren indarra izatetik alderdirik bozkatuena izatera igaro da Donostiako Udalean (29.029 bozka), Gipuzkoan oro har izan duen hazkundeari jarraipena emanez. %100 zenbatuta dagoen honetan, bederatzi zinegotzi lortu ditu, bigarren indarra izango litzatekeen PSEri bi eserlekuko aldea ateraz.

PSE izango litzateke bigarren indarra, zazpi zinegotzirekin (24.007 bozka). Modu horretan, duela lau urte lortutako aulki kopurua mantenduko du. Ernesto Gascoren alderdiaren atzetik, EH Bildu geratu da hirugarren indar modura, sei zinegotzi (bi galduz) eta 20.467 bozka eskuratuz.

PPk beherakada nabarmena pairatu du, sei zinegotzitik hirura igaroz. Eta Irabazi Udalera sartuko litzateke, bi eserlekurekin.

Oro har, Gipuzkoa guztian izan du beherakada nabarmena EH Bilduk. Arrasate (8 zinegotzi EAJk, 7 EH Bilduk) eta Bergara (8 zinegotzi EAJk, 7 EH Bilduk); Azkoitia (9 zinegotzi EAJk, 6 EH Bilduk), Zarautz (EAJ 10, EH Bildu 7, PSE 2 eta Irabazi 2) eta Zumaia (6 zinegotzi EAJk, beste hainbeste EH Bilduk); Beasain (9 zinegotzi EAJk, 6 EH Bilduk) eta Ordizia (bosna zinegotzirekin, baina EAJk hauteskundeak irabazita); edota Tolosa (9 zinegotzi EAJk, 7 EH Bilduk) eta Villabona (seina zinegotzirekin, baina EAJ aurretik) bezalako udalak galduz.

Eibarren, aldiz, PSE-k alkatetza mantentzea lortu du (PSE 10, EH Bildu 5, EAJ 5 Irabazi 1), Irun (PSE 10, EAJ 5, Si se Puede 5, EH Bildu 3 eta PP 2), Zumarraga (PSE 8, EH Bildu 2, EAJ 2 eta Irabazi 1) eta Lasarte-Orian (PSE 7, EH Bildu 4, Ahal Du Lasarte-Oria Puede 3, EAJ 2 eta PP 1) bezala.

EH Bilduk Azpeitia (EH Bildu 10, EAJ 7), Andoain (EH Bildu 6, PSE 5, EAJ 4, Irabazi Andoain 1 eta Ganemos Andoain 1), Errenteria (EH Bildu 7, PSE 7, Irabazi 4 eta EAJ 3) edota Hernanin (EH Bildu 9, EAJ 4, Orain Hernani! 2 eta PSE 2) lehen indarra izatea lortu du.

Todo sobre M24