NAIZ
BILBO | DONOSTIA | GASTEIZ | IRUÑEA

Gure Esku Dago: «Erabakia nola eta noiz gauzatu da gure erronka»

Ekainaren 21eko egitarauak aurkeztu ditu Gure Esku Dagok Bilbon, Iruñean, Gasteizen eta Donostian; hurrengo egunetan emango dute Baionakoaren berri. Hitzordua aldarritik gauzapenera igarotzeko jauzia izatea nahi du ekimen herritarrak. Ez direla «jaio aldarrikatzeko» esan dute, «aldarria bera baino, erabaki hori nola eta noiz gauzatu» dela ekimenaren erronka.

Zelai Nikolas Bilboko aurkezpenaren une batean. (Luis JAUREGIALTZO | ARGAZKI PRESS)
Zelai Nikolas Bilboko aurkezpenaren une batean. (Luis JAUREGIALTZO | ARGAZKI PRESS)

Bost euskal hiriburutan egin du urteko hitzordu nagusia Gure Esku Dagok, bertatik jauzi bat eman nahi du ekimen herritarrak, aldarritik erabakitzeko eskubidearen gauzapenera. Zelai Nikolasek Bilbon, Angel Oiarbidek Donostian, Unai Lobok Gasteizen eta Irati Jimenezek Iruñean hausnarketa berbera elkarbanatu dute kazetariekin: Gure Esku Dago ez zela «jaio aldarrikatzeko», erabakitzeko eskubidearekin «ia den-denek bat» egiten dutelako; beraz, esan dute, «aldarria bera baino, erabaki hori nola eta noiz gauzatu» dela euren «erronka».

Ekainaren 21ekora bi urte eskaseko ibilbidearekin dator Gure Esku Dago; gaur dinamika zergatik eta zertarako sortu zen gogoratu dute, «lubakien jakitun, dauden ezinikusiak gainditu asmoz eta hiru ardatz soiletan euskal herritar den-denak batu dizakegunaren ustez: herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da».

Gure Esku Dagoren bidea ere gogoratu dute, iazko giza katean sorturiko «irrabarre erraldoia»-k sortu zuen ilusioak ez duela etenik izan duste dute. Aldarritik gauzapenera igarotzeko gako nagusia herritarrek «erabaki hori gauzatzeko borondatea» da dinamikaren ustez. Azken aldian esandako bidetik, dinamikaren bide orria erraza ez baina sinplea dela adierazi dute: «herritarren borondateak ehundu, horien artean zer, non eta nola adostu, eta azkenik erabaki». Uste dute gainera «luzera itxaron gabe» beteko dituztela euren helburuak, «erabakitzea delako normalena, eta demokrazia ariketa hutsa delako».

Norabide horretan eman asmo dute, beraz, jauzia ekainaren 21ean, herriz herri josten ari diren oihalek topo egingo dute hiribiruetan eta «horiek josiko dute erabakia posible egingo duen hautetsontzia». «Gaurko hautetsontzia da biharko erabakia, eta gure esku dago hala izan dadin!» esanez amaitu dute lauek hitzartzea.