Bizkaiko Batzar Nagusietan bozeramale izango den Josu Unanuek azpimarratu du, batzarkideek akreditazioak jaso ostean, EH Bildu bigarren indarra izan dela herrialdean eta oposiziotik izango dituen helburuak zehaztu ditu. «Gure apustuak izan behar du aldaketa sozialaren aldekoa eta erabakitzeko eskubidearen aldekoa. Proiektua eta programa aurkeztu genituenean horiek izan ziren gure ardatz biak eta herritarrek ere hori eskatzen dute», azpimarratu du.
PSEko kideek ere Bizkaiko zein Gipuzkoako Batzar Nagusietan jaso dituzte akreditazioak.
Bizkaian alderdi horretako eledun izango den Carlos Totorikak jakinarazi du akordio baten bila asteazken honetan egingo dutela Sabin Etxean EAJko kideekin.
Gipuzkoan ere, Denis Itxaso buru zutela akreditatu dira PSEko batzarkideak.
Bizkaian atzo jarri zen abian Batzar Nagusien osaketa prozesua, batzarkideen herena akreditatuta. Gipuzkoan iragan ostiralean hasi zen atzera kontaketa hori.