naiz
IRUÑEA

Gora Iruñeak herri sanferminen egitaraua aurkeztu du

Ze Esatek!, Skakeitan, Kop, Gose, Su Ta Gar, Gatillazo edo Zea Mays, besteak beste, herri sanferminetako protagonista izanen dira eta Gora Iruñea plataformaren oholtza gainera igoko dira. Era berean, hainbat tailer, jolas, Irrien Lagunak eta beste ekimen ugari izango dira La Runako parkean.

Gora Iruñea! plataformak aurkeztutako egitaraua. (GORA IRUÑEA!)
Gora Iruñea! plataformak aurkeztutako egitaraua. (GORA IRUÑEA!)

Uztailaren seigarrena lehertzearekin batera lehertzen da jaia Iruñean, eta aurten ere, Gora Iruñea! plataformak jai herrikoiak prestatu ditu egitarau indartsu eta zabal baten bidez. Adin guztietako herritarrek izango dute sanferminak modu euskaldun, herrikoi, parekide eta parte hartzaile batean gozatzeko aukera.

«Urteetako basamortuaren ostean, bestelako jai eredu bat errealitate bihurtu dugu». Zentzu horretan, Iruñeko Udalean izan den aldaketaren garrantzia azpimarratu dute. «Bestelako kudeaketa bat izanen dela espero dugu», adierazi dute ohar baten bidez. Hau dela-eta, aurtengoa modu honetan antolatzen diren azken sanferminak izatea espero dute. «Sanferminetako mahaia eratzeko ahalegin guztiak egin eta 2016ko sanfemrinak guztion artean antolatzea lortuko dugunarekin ziur gaude».

Eta noski, musikak esparru berezia izango du egun horietan. Txupinazo egunean 14:00ean egingo dute gunearen irekiera eta 18:00ean hasiko dira kontzertuak. Brigada Improductiva, Ze Esatek!, Porco Bravo eta Skakeitan igoko dira oholtzara.

Hurrengo egunean, Herrialde Katalanetako Kop taldea gerturatuko da Iruñera eta uztailaren 8an Altxatu, Juantxo Skalari eta Goseren txanda izanen da. Khous, Hibakusha, Nekez, La Vamos a Liar, Afu, Su Ta Gar, Iheskide, Timbakada, Yo No Las Conozco, Elenco, Gatillazo, Aberri Txarrak, Katez, Zea Mays, Emon, S. Curro, La Basu, Def Con Dos Dos Tenores, eta Raperos de Emaus ere izanen dira eszenatoki gainean.

Baina musikaz haratago ere ekimen ugari dituzte prestatuak nafar hiriburan. Uztailaren 8an txikien eguna ospatuko dute. Bertan erraldoiak, globoflexia edo eskulan tailerrak, dantzari txikien topaketak edo gynkana bat izanen da. Baita Motxila 21 taldearekin aniztasun tailerra.

Bertsoak uztailaren 9an izanen dira, Jon Maia, Uxue Alberdi eta Aimar Karrikaren ahoetatik.

Uztailaren 11an, bestalde, gazte egunak egitarau berezia eramango du La Runa parkeko gunera. Gazte bazkari baten ostean, indarrak neurtuta, gazte olinpiadak ospatuko dira. Eta biharamunean, 12an, Herrailde Katalanei eskainitako egitarau berezia aurkeztu dute. Bastonersak, herri paella, bertako musika tradizionala eta Valentziar pilota tailerra.