‘Gaur hautestontzia, bihar erabakia’ lelopean Gure Esku Dagok igande honetan antolatu dituen ekitaldietarako azken txanpa baino ez da gelditzen. Hori dela-eta, oraindik sarrera erosi ez duten herritarrei dei egin die Gure Esku Dagok, ez dezaten azken ordurako utzi eta hilaren 21ean San Mames mukuru bete dadin.
Futbol zelaian bertan egin duten agerraldian izan dira Jose Angel Iribar, Kirmen Uribe idazlea, Itziarren Semeak taldeko Ibon Altuna, Jon Gomez Garai eta Andoni Aizpuru aurkezleak, Mikel Martinez aktorea eta Kepa Junkera. Guztiek herritarrak animatu dituzte igandean parte hartzera, bai arratsaldeko ekitaldian bai egun osoan zehar antolatutako ekitaldietan.
Lehen hitzordu garrantzitsua eguerdian izango da, Euskaldunako zubia eta Areatza arteko Oihal Katea osatuko baitute.
Arratsaldeko ekitaldia arratsaldeko 17.30ean izango da San Mamesen.
Hala ere, egun osoan zehar ez da zer eginik faltako: musika, kale animazioa, jatekoak...