«Euskal preso guztiak» Euskal Herriko espetxeetara gerturatzeko eskatu dute Bilbo Udaleko EAJ, EH Bildu, Udalberri eta Goazen Bilbao udal taldeek. Sakabanaketak senide eta lagunentzat «zigor gehigarri bat suposatzen duela» gogorarazi dute.
Iragan ekainaren 13an zinegotzi ohia den Dabi Alonsok istripua izan zuen Valladoliderako bidean zela, Gotzon Amaro preso bilbotarra bisitatzeko asmotan.
Udal talde horietako bozeramaileek, Nekane Alonso (EAJ), Aitziber Ibaibarriaga (EH Bildu), Carmen Muñoz (Udalberri) eta Samir Lahdouek (Goazen Bilbao), agiri bat sinatu dute istripu honengatik kezka adieraziz.
«Edozein zuzenbide estatu demokratikori dagokion giza eskubideekiko begirune zorrotzarekin bat eginik» egoera aldatze aldera «benetako pausoak» eman daitezela eskatu dute. Honela, zuzenean seinalatu dituzte Espetxe Erakundeetako arduradunak.