EH Bildu legebiltzar-taldeak garbi utzi du Troikari ezetz esatearen aldeko hautua babesten dutela, igandean Grezian egingo den erreferendumean. Zentzu honetan, babes osoa adierazi diete Gasteizeko Legebiltzarrean Greziako Gobernuari eta herriari. OXI hitza (ez, grekeraz) osatu dute kartelen bitartezez greziarrek igandean egingo duten erreferendumean Troikari ezezko borobila eman diezaiotela aldarrikatzeko.
Era berean, koalizioarentzat, Alexis Tsipras lehen ministroak deitutako erreferenduma «eredugarria» da, «erabakitzeko ahalmena herriaren esku ipini duelako». Horregatik, herritarrek Troikari «ezetza emateko aukera baliatzea» espero dutela defendatu dute ohar baten bidez. «Troikak bultzatutako austeritate politikek krisia areagotzea besterik ez dute ekarri», gaineratu dute.
Troikaren politikak egin dituzte Greziako herriak pairatzen duten egoeraren erantzule: «Politika horien porrota erabatekoa izan da eta langileria eta pentsiodunak izan dira horren galtzaile nagusiak. Oligarkiak eta nazioarteko merkatuek, ordea, etekina atera diote herri xumeari inposatutako austeritateari».
Beraz, «burujabetza defendatzeko» koalizio abertzaleak ezetzak irabaztea espero duela azpimarratu du, «aski da» esateko.