@Nagore belastegi
Donostia

Elkarretaratzea egin dute Donostian, Madrilen deklaratu duten senideei babesa eskaintzeko

Euskal presoen 14 senide Madrilera deklaratzera joan direla-eta, Etxeratek elkarretaratzea egin du Donostiako epaitegiaren aurrean. Senideekiko jarrera «jazarpena» dela salatu du.

Donostiako epaitegiaren aurrean egin du elkarretaratzea Etxeratek. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Donostiako epaitegiaren aurrean egin du elkarretaratzea Etxeratek. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

200 pertsona inguru elkartu dira gaur eguerdian Donostiako epaitegiaren aurreran senideekiko «biktimizazio bikoitza» salatzeko asmoz. Era berean, Madrilera deklaratzera joan diren senideei babesa bidali nahi izan diete. Izan ere, Urtzi Errazkin Etxerateko bozeramaileak aipatu duenez, ez dute argi zergatik deituak izan diren 14 senide Auzitegi Nazionalera lekuko moduan deklaratzera, baina susmoa dute abokatuen kontrako epaiketarekin zerikusia duela eta horrekin «abokatu bat izateko eskubidea zaildu nahi dutela».

«Bake prozesuan pausoak eman ordez espainiar Estatuak temati jarraitzen du atzera pausoak emanez», adierazi du bozeramaileak. Egoera honetaz nekatuta daudela ere aipatu du: «Nahikoa da, senide izatea ez da delitua, nahikoa sufritzen ari gara astero-astero egin behar ditugun kilometroekin eta horrek suposatzen duenarekin».

Etxeraten adierazpena eragile askok sinatu dute eta horietako batzuk elkarretaratzera gerturatu dira, tartean, Sortu, ELA, LAB, Steilas, EHNE, EA, Alternatita eta EH Bildu. Koalizioko ordezkariak, Julen Arzuaga parlamentariak, eragile guztien izenean hitz egin du. «Izenik ez duen egoera tamalgarri hau guztiz eskandalagarria da. Senideak euren jardun politiko, sozial eta giza eskubideen aldeko jardunagatik izan dira deituak Auzitegi Nazionalera».

Presoen senitartekoek jasan behar duten «biktimizazioa» ere aipatu du. Izan ere, bisitak, bidaia luzeak eta trafiko ezbeharrak jasateaz gain, «Madrilek jazarpen politikoa» egiten die. Hori dela eta, deia luzatu die eragile eta instituzioei, bereziki Lakuari, afera hau konpontzeko bidean inplika daitezen eta preso zein senideekiko elkartasuna zabal dezaten.