Auzitegi Nazionalak kartzela saihesteko 14.400 euroko isuna ordaintzera behartu du Julio Villanueva ‘tartalaria’. Mugi! Mugimenduak eta AHTren aurkako ‘tartalarien’ sostengu taldeak gaur Iruñean egin duten agerraldian egoera salatu eta isuna ordaintzeko laguntza eskatu dute .
Mugimenduak gaur adierazi du «proiektu xahutzaile, ezdeus, txikitzaile eta antisozial hau indarrez inposatu nahi digutela, bere aurka oldartzen den aurkaritza kriminalizatuz eta jazarriz». Aldi berean, gogorarazi du «‘tartalarien’ prozesuan zigortzeko borondate garbi bat egon dela: kriminalizazio saiakera mediatikoa, espainiar Estatutik kanpo jazotako gertaera bat epaitzeko Entzutegi Nazionala bezalako salbuespenezko auzitegi baten erabilera, eta neurrigabeko eta gehiegizko zigor ezarpenak nazioartean kasurik gehienetan ardura penalik ez duen gertaera batentzako».
Agerraldian Julio Villanueva bi urtez kartzelan sartzea saihesteko sostengu ekonomikoa eskatu dute, «kontu korrontean diru ekarpena eginez» eta «uda ondoren zehaztuko ditugun elkartasun ekimenetan parte hartuz».
Bi urteko prozesua
2013an Auzitegi Nazionalak Julio Villanueva eta AHTren aurkako beste hiru ekintzaile bina urteko kartzela zigorra, 900 euroko isuna eta Yolanda Barcinaren abokatu eta prokuradoreen ordainsarien gastuak (1.234€) ordaintzera zigortu zituen, eta Gorenak 2014eko urrian kondena berretsi zuen.
Isunak eta gastuak ordaindu ondoren, defentsako abokatuek lau auziperatuen zigorrak etetea eskatu zuten, eta etendura hau hiru zigorturentzako onartu bazen ere, Julio Villanuevari ukatu egin zitzaion, fiskalarentzako azken honek zigor aurrekari konputableak zituelako. Berehalako kartzelaratze aginduaren arriskuaren aurrean abokatuek kartzela zigorra isun batengatik ordezkatzeko idazkia aurkeztu zuten.
Apirilaren 28an Grande Marlaska epaileak sinaturiko auto baten bidez eskaera onartua izan zen, eta 14.400 euroko isuna ezarri zion Villanuevari. Egoera honen aurrean, abokatuek helegitea jarri zuten, baina eskaera atzera bota zuten.