NAIZ
BILBO

«Animalien sufrimendurik gabeko» jaien aldeko aldarri anitza egin dute Bilbon

Bilboko zenbait konpartsek, alderdi politikok eta eragilek adierazpen bateratua kaleratu dute, «animaliadun ikuskizunik gabeko jaien alde».

«Animalien sufrimendurik gabeko» jaiak aldarrikatzeko agerraldia. (ARGAZKI PRESS)
«Animalien sufrimendurik gabeko» jaiak aldarrikatzeko agerraldia. (ARGAZKI PRESS)

Bilboko Aste Nagusirako atzera kontua martxan dela, jaietako ikuskizunetan «erabiliko diren animalien egoera larria» salatu dute, prentsaurreko batean, hainbat alderdik, elkartek eta konpartsek.

Alde batetik, zirkuko animaliak aipatu dituzte: «beraien habitatetik bahituak, esklabo bihurtuak eta trukuak egitera behartuak, ikusleak entretenitzeko».

Bestetik, Vista Alegre zezen-plazan izango diren ikuskizunetakoak izan dituzte hizpide.

Adierazpen bateratua izenpetu duten eragileek (guztira, 35 baino gehiago) agintariei dei egin diete, ez ditzaten «modu honetako jaiak onartu eta bilbotarren jaiak odolez eta sufrimenduz zikindu». «Inolako eraso sexistarik, homofoborik, arrazistarik... gabeko Aste Nagusiaz gozatu nahi dugu, eta baita animalien sufrimendurik gabe ere», aldarrikatu dute.

Azpimarratu dute bai zirkuak eta bai zezenketak «gizarte moderno eta garatu batean lekurik ez duten jarduerak» direla.