NAIZ
DONOSTIA

Pablo Larrainen ‘El club’ filmak emango dio hasiera Zinemaldiko Horizontes Latinos sailari

Zinemaldiaren 63. edizioak, beste behin ere, Latinoamerikako urteko produkzio aipagarrienetakoak aurkeztuko ditu Horizontes Latinos sailean. Argentina, Brasil, Kolonbia, Kuba, Txile, Guatemala, Mexiko, Peru eta Venezuelatik ekarritako 14 filmek parte hartuko dute aurten.

‘El Club’ filmeko fotograma bat. (ZINEMALDIA)
‘El Club’ filmeko fotograma bat. (ZINEMALDIA)

Latinoamerikako urteko produkzio aipagarrienetakoei tartea egingo die Zinemaldiak. Horizontes Latinos saileko programazioan hamalau ekoizpen sartu dira aurtengo edizioan, Argentina, Brasil, Kolonbia, Kuba, Txile, Guatemala, Mexiko, Peru eta Venezuelatik ekarriak.

Pablo Larrainen ‘El Club’ filmak emango dio hasiera sailari. Berlineko jaialdiaren azken edizioan Epaimahaiaren Sari Nagusiaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen. Lau gizoni buruzko istorio bat kontatzen du: batera bizi dira, kostako herri txiki bateko etxe isolatu batean, iraganean egin zituzten bekatuak garbitzeko bidali baitituzte hara.

Aurkeztu diren beste filmak dira ‘600 Millas’ (Gabriel Ripstein), ‘El Abrazo de la Serpiente’ (Ciro Guerra), ‘El Botón de Nácar’ (Patricio Guzman), Michel Francoren ‘Chronic’, ‘Desde Allá’ (Lorenzo Vigas), ‘Las Elegidas’ (David Pablos).

Horiez gain, Jayro Bustamanteren ‘Ixcanul’, ‘Magallanes’ (Salvador del Solar), ‘La Obra del Siglo’ (Carlos M. Quintela), Santiago Mitreren ‘Paulina’, Aly Muritibaren ‘Para Minha Amada Morta’, Julio Hernandez Cordonen ‘Te Prometo Anarquía’, eta ‘La Tierra y la Sombra’ (Cesar Augusto Achevedo).

Epaimahai espezifiko batek erabakiko du nori eman 35.000 euroko Horizontes saria. Kopuru horretatik, 10.000 euro film irabazlearen zuzendariari emango zaizkio; gainerako 25.000 euroak, berriz, lana espainiar Estatuan banatzen duen etxeari.