Adingabeko bat atxilotu zuen bart Udaltzaingoak Barakaldon, beste adingabeko bati sexu erasoa egitea leporatuta. Biktimak oihu egin eta gertu zegoen gazte talde batek entzun eta gero lortu zuen erasotzaileak alde egitea.
Barakaldoko Udalak adierazi duenez, Clara Campoamor parkean eman zen erasoa, 21:45ak aldera. Neskak salatu duenez, mutila gerturatu eta bere borondatearen kontra eraman zuen zuhaitzak dauden inguru batera.
Oihuak entzun zituen gazte taldeak erasotzailea jarraitu eta Udaltzaingoa deitu zuen, gaztea etxebizitza baten atarian atxilotuz.
Eraso berri honen aurrean, Udalak biharko elkarretaratze bat deitu du, 12:00ean Herriko plazan.