NAIZ

Sortuk eta Aralarrek Otxandioko «beste garai bateko operazio poliziala» salatu dute

Otxandion gaur goizaldean izan diren atxiloketak gogor salatu dituzte bai Sortuk eta bai Aralarrek ere. Sortuk espainiar Estatuari exijitu dio «Euskal Herria bakean utz dezala», eta Aralarrek, ildo beretik, «bere jardun politikoagatik pertsonak atxilotzea zentzugabea eta oinarrizko irizpideen kontrakoa» dela azpimarratu dute.

Maribi Ugarteburu eta Pernando Barrena, gaurko agerraldian. (SORTU)
Maribi Ugarteburu eta Pernando Barrena, gaurko agerraldian. (SORTU)

Sortuk eta Aralarrek «beste garai politiko bateko» atxiloketak salatu dituzte, gaur goizaldean Otxandion Guardia Zibilak egin duen operazioaren harira, non Aitor Uribe, Amaiur Lopez de Lacalle, Asier Duran eta Miren Soloeta atxilotu dituzten. 1987an Guardia Zibilaren beraren tiroek eraildako Luzia Urigoitiari egindako omenaldi bat dela-eta, «terrorismoa goratzea» leporatu diete.

Sortuk garai politiko berriari «beste eraso bat» egin diotela nabarmendu du. «Beste garai bateko estrategiak ez dituzte gatazkaren konponbidearen alde, bakearen alde eta demokrazioaren alde herri honek hartutako bidea zapuztuko». Era berean, gogora ekarri dute «elkartasuna eta memoria ez direla delitua».

Horregatik, Euskal Herria bakean uztea exijitu diote espainiar Estatuari. «Utz gaitzazue bakean behingoz. Atera zuen esku zikinak Euskal Herritik».

Sortuk bezala, Aralarrek ere atxilotuak aske geratzea aldarrikatu du. «Argi eta garbi erakusten dute gaurkoa bezalako polizia operazioek eta azken hilabeteetan Espainiako estatuko botere ezberdinek duten jarrerak Espainiakoa ez dela inondik ere estatu demokratiko homolagarria eta eskubide zibil eta politikoen defentsan eta babesean gabezia izugarriak dituela», adierazi du Aralarrek ohar baten bidez.

Era berean, atxiloketen atzean «errelato bakar eta manipulatua osatzea» dela jomuga adierazi dute. Hau dela-eta, elkartasuna adierazi nahi izan diete atxilotuei, eta egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaldu.

Bestetik, bi alderdiek atzo Bilboko Indautxu auzoan presoen eskubideen alde elkarretaratzea egiten ari zirenen aurka Ertzaintzak izan zuen jarrera salatu dute.