Idoia ERASO
BAIONA

Euskarazko hezkuntzak gora egin du Ipar Euskal Herrian eta irakasleak eskas dira

Euskarazko irakaskuntzak azken hamar urteotan izan duen garapenaren berri eman zuten atzo Euskararen Erakunde Publikoak eta Hezkunde Nazionalak, 2014-2015 ikasturteko datuei erreparatuz.

Lehen Hezkuntzan diren ikasleen %37,7k euskaraz egiten dute denbora osoz edo elebidunean dira, eta duela 10 urte %24,5 ziren. Haur Hezkuntzan kopurua %30,4tik %43,9ra pasatu da. Bost urte barru erdiek baino gehiagok euskaraz ikasiko dutela aitzinatu zuten.

Euskarak Bigarren Hezkuntzan duen toki eskasa da mugetako bat. Halere, egungo arazo nagusia irakasle euskaldunen eskasia da, eta hori gainditzeko kanpaina abiatu dute eremu ezberdinetan. Unibertsitatean Irakasle Ikasketetako ikasleei egungo beharrei buruz informazioa ematea, eta egungo langileak euskaraz trebatzea dira hartutako neurrietako batzuk.

Lehen Hezkuntzako ikasleetatik 2.267k Seaskan ikasten dute, 2.119k eskola giristinoetan eta 5.070k, sare publikoan. Aurten hiru gune berritan ikas daiteke euskaraz, Bardozeko eta Ezpeize-Ündüreineko eskola publikoetan eta Azkarate, Basusarri eta Biriatuko ikastola berrietan.

Eskola publiko eta giristinoetan murgiltze sistema esperimentala garatzen ari da Haur Hezkuntzan, sare publikoko 8 zentro eta pribatu giristinoetako 18tan. Eredu elebiduna eskaintzen duten eskola publikoak %53 dira, giristinoetan %65.

Seaskak Ikuskaritza Akademikoarekin urtero sinatzen duen hitzarmena oraindik lotu gabe zegoela salatu zuen. Atzo, Dugrip Bordeleko akademiako errektoreak arazorik ez dagoela baieztatu zuen. Aldiz, Seaskak baldintzatzat ezarri duen baxoa euskaraz egiteko aitzinamendua ez dela emanen erran zuen.