@gara_olarretxea
Donostia

Euskaragileak, euskaraz lan egin nahi duten enpresen sarea

Goizean aurkeztu dute prentsaurrean Euskaragileak, 13 enpresaz osatutako batzordea. Ekimenak 2013an antolatutako «Lan mundua euskalduntzeko Konferentzia»n du jatorria eta xedea, «euskaraz saldu eta lan egin nahi duten enpresen sarea indartu eta euren ereduak ezagutzera ematea» dira.

Kontseiluko eta Euskaragileak batzordean parte hartzen duten enpresetako ordezkariak, Donostian. (ARGAZKI PRESS)
Kontseiluko eta Euskaragileak batzordean parte hartzen duten enpresetako ordezkariak, Donostian. (ARGAZKI PRESS)

Orain bi urte egindako konferentzia hartan, lan mundua euskalduntzeko, euskaraz saldu, erosi eta lan egiteko eragile estrategikoak eta gida-lerroak definitu ziren. Hor erein zein, neurri batean, gaur Donostian Kontseiluak, hamahiru enpresetako ordezkariekin batera, aurkeztu duten Euskaragileak batzordearen hazia.

Eragile estrategiko gisa, lau zutoin identifikatu ziren: enpresak, langileak, bezeroak eta Administrazioa. Lehenengo taldetik jarri ziren lanean, alegia, enpresetatik. Baina zein enpresa hautatu? Momentuz, «enpresen euskalduntzean aurreratuta dabiltzan» lantegiak hautatu ziren kide izateko, eta horretan ari dira Batz, Cikautxo, Eika, Ekin, Elay, Fagor, Goizper Group, IMH, Irizar, Matz-Erreka, Mondragon Unibertsitatea Eskola Politeknikoa, Mondragon Korporazioa eta Orkli.

Batzordearen lehen zeregina funtzioa definitzea izan zen, baita 2015erako ekinbide nagusia. Hala, beren hornitzaile nagusiei zerbitzua euskaraz jaso dezaten eskaera luzatzea izango da. «Komunean izan ditzakegun hornitzaileekin prozesu bat hasiko dugu euren ere zerbitzua euskaraz jaso dezagun konpromisoak hartu eta urratsak eman ditzaten», adierazi du Leire Okarantzak, Fagor-en izenean.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak aurreratu duenez, epe laburrean lan mundua euskalduntzen jarraitzeko dinamika berriak abiaraziko dituzte. «Espero dugu epe ez oso luzean sindikatuen eta kontsumitzaileen aldetik ere urrats berriak emango direla», esan du.