Ohar baten bitartez, Hezkuntza Plataformen Topaguneak salatu du «hezkuntza eredu atzerakoi, merkantilista eta inposatua» dugula. «Espainiar eta frantziar sistemek asimilatuta gaituzte eta ez digute guk nahi dugun hezkuntza eredua eraikitzen uzten», nabarmendu dute.
Bereziki kritikatu dute LOMCE eta hura aplikatzen duten «Gobernu eta mozorroak».
Horren aurrean, «herritik eta herriarentzat» eginiko hezkuntza sistema propioa aldarrikatu dute, «Euskal Herritik munduari begiratuko diona eta mundutik Euskal Herriari, aukera berdintasuna oinarri ikasleak hezkidetzan heziko dituena».
Eredua propioa eraikitzen jarraitzeko unea dela iritzita, «datorren azaroaren 28an Hego Euskal Herriko kaleetara irten eta inori ez ezeri itxaron barik gure hezkuntza eraikitzeari ekingo diogu».
Egun horretarako lau hitzordu jarri dituzte: Gasteizen (17.00etan, kalejira Foru plazatik), Bilbon (17.00etan, Zabalburutik), Donostian (17.00etan, Bulebarretik) eta Iruñean. Nafarroako hiriburuan asanblada irekia egingo dute, goizeko 10.00etan Biurdana Institutuan eta ondoren elkarretaratzea egingo dute.