NAIZ

Fiskaltzak 18 hilabeteko espetxe zigor eskaria mantendu du lau oiartzuarrentzat

‘Gudarien basoan’ hildako gudariei omenaldiak antolatzea eta «terrorismoa goratzea» leporatuta, Fiskaltzak 18 hilabeteko espetxe zigor eskaria mantendu du Joakin Izagirre, Ramon Gaztelumendi, Xabier Iragorri eta Miren Itziar Iñarra oiartzuarren aurka. Sortuk «herriaren zati baten memoria ezabatu» nahi dutela salatu du.

Guardia Zibilak ‘Gudarien basoan’ operazioa burutu zuen iaz. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)
Guardia Zibilak ‘Gudarien basoan’ operazioa burutu zuen iaz. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)

Aritxulegiko ‘Gudarien basoan’ «terrorismoa goratzea» leporatuta epaituak izan diren lau oiartzuarrei 18 hilabeteko espetxe zigor eskaria mantentzea erabaki du Fiskaltzak. Atzo hasi zen espainair Entzutegi Nazionalean Joakin Izagirre, Ramon Gaztelumendi, Xabier Iragorri eta Miren Itziar Iñarraren aurkako epaiketa.

Era berean, mantendu egin du zortzi ureko inhabilitazio eskaria. Urtero, Telesforo Monzonen heriotzaz geroztik, Lesaka eta Oiartzun arteko Aritxulegiko basoan, hildako gudariei egiten zaien omenaldia antolatzen dutela dio fiskaltzak, «terrorismoa goratzea» leporatuta. Honen harira, iazko ekainean izan ziren atxilotuak lau oiartzuarrak Ramon Sagarzazurekin batera, zein espetxean dagoen irailean Baigorrin atxilotua izan eta gero. 
 
Sortuk epaitutako lau pertsonei bere «elkartasuna» adierazi nahi izan die, eta epaiketaren harira «gatazkaren inguruko ikuspegietako bat eta ondorioz, gure herriaren zati baten memoria ezabatu» egin nahi dutela salatu du ohar baten bidez. Modu honetan, «errelatu partzial bat» osatzeko helburuarekin ari direla gehituz.

«Oroitzapenerako eskubidearen kontra joatea, bai errepresioaren bidez bai errelato konkretu bat inposatuz, bakearekin eraikuntza oztopatzen jarraitzea da», gehitu du alderdi subiranistak. Horregatik «gatazka politikoaren ondorioz bizitza galdu duten pertsona guztiek» gogoratzea beharrezkoa dela nabarmendu du.