NAIZ
BILBO

Parisko erasoak gaitzesteko elkarretaratze isilak, Euskal Herrian zein mugaz kanpo

Euskal Herriko erakunde publikoek eta bestelako eragile batzuek deituta, elkarretaratze isilak egin dira eguerdian. Gure mugetatik kanpo ere, nonahi izan dira halako ekimenak.

Lakuako Gobernuaren egoitzaren atarian egindako elkarretaratzea, Exekutiboko kide askoren parte hartzearekin. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)
Lakuako Gobernuaren egoitzaren atarian egindako elkarretaratzea, Exekutiboko kide askoren parte hartzearekin. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

Eguerdiarekin batera, elkarretaratze andana egin da Parisko erasoak salatu eta biktimei elkartasuna adierazteko, nola Euskal Herrian hala gure mugetatik at.

Udalek, Aldundiek, Lakuako Gobernuek, Batzar Nagusiek eta makina bat udalek, beste erakunde batzuekin batera, bost minutuko elkarretaratze isilak egin dituzte, horietako gehienak txalo zaparradekin bukatu direnak. Nafarroan, atzo egin zuten elkarretaratzea Gobernuak deituta eta gaur Parlamentuaren Bozeramaileen Batzordeak adierazpena onartu du, atentatuak gaitzesteko eta biktimei elkartasuna adierazteko.

Unibertsitateetan, sindikatuen egoitzetan eta hainbat lantegitan ere izan dira antzeko ekimenak.

Horrez gain, Euskal Herritik kanpo, Europako beste hiri askotan ere atera dira herritarrak kalera, Parisko erasoetan hildakoak eta zaurituak omentzeko.