Klasikoak dira Harkaitz Canok (Lasarte, 1971) ondu dituen ipuinetako batzuk, baina garaikideetatik ere edan du eta kontakizun modernoagoak ere badira, lurra jotzear den hegazkin batean dauden bidaiarien azken gogoetak irudikatzen dituena, esaterako, punturik eta parrafo bereizketarik gabe idatzitakoa.
‘Twist’en ondoren idatzi duen lehenengo lana da ‘Beti oporretan’ (Susa), hamalau kontakizunez eraiki du, haietako asko uda garaian idatzitakoak. «Gogoko ditut Mediterraneo ondoan sortzen diren nobelak eta filmak, neronek ere Menorcan idatzi ditut ipuin hauetako asko, ‘Twist’ ere bertan amaitu nuen», esan du idazleak. «Bakoitzak baditu bere fetitxeak», gehitu du.
Estiloan ere aldaketarik egiten saiatu da. «Lehortze baten ahalegin bat badago estiloan, baina ez naiz nahi bezain lehorra izan. Gustatzen zaizkidan idazleak askoz lehorragoak dira», adierazi du.
Hartara, opor gisa uler daitekeenari bertsio desberdinak erantsi dizkio Canok. Ura eta itsasoa bezalako errekurtsoetara jotzen badu ere, badira ohiko oporrez harago doazen egoerak ere, espetxea, kasurako.