HARKAITZ CANO

‘Durango ez da leku bat’, Harkaitz Cano

Durango ez da leku bat, euskal kultura zentrala den unibertso paralelo batera egindako sartu-irten iragankorra baizik. “Azoka” hitza ere ez du alboan behar: «Durangon ikusiko gara» esanik, denok ulertzen dugu urteko egun zehatz batzuetan giro jakin batera inguratzen den jendarteari buruz ari garela. Izan ziren bere garaian azoka Bilbora eramateko saiakera, zurrumurru edo ahaleginak, baina badakigu akats larria litzatekeela. Jende askok aitzakia hori baliatuko luke Durangora –barka, azokara– gehiago ez joateko. Ez ginen zentralak izateko jaio, eta zentrorik gabe bizitzearen gozamenak elikatu behar luke gure indarra. Izan gaitezen bere zirkunferentzia inon ez izan arren, erdigunea puntu guztietan daukan zirkulu ezinezkoa.

Gure lana saltzeko ezgaitasun genetikoa eta aurrejuzgu pilaketa direla medio, merezi baino erreparo gehiago izan diogu Durangori, aitor dezagun: salmentari begira baino ez zela bizi, eta kultura, gizartea eraldatzeko tresna gisa, lauso eta azpiraturik geratzen zela. Ez dugu, ordea, azoka bezalako indargune askorik, eta geure teilatuari harrika aritzea litzateke haiek ez baliatzea. Durango ezinbestekoa da, bai, baina izan zitekeen bestelakoa? Baiezkoa sinetsita, gehiegizko merkantilizazioari aurre egiteko sortu ziren Ahotsenea eta Gogoetaren Plaza bezalako guneak. Txalogarria da azokak pentsamenduari eta sormen kritikoari arnasguneak irekitzeko egin duen ahalegina. Ildo hori urterik urte bistatik galdu behar ez genukeen zerbait delakoan nago.

Horrek ez du esan nahi, jakina, zer hobeturik ez daukanik. Eremu urriko kultura baten baitan sortzen den azoka batek ezin du handikeriatan aritu, eta sentiberatasun berezia –eskisitoa– erakutsi behar luke bere baitan bazterreko eta ttipi diren haiekiko. Disko zein liburuak diskoetxe eta argitaletxeen babesik gabe plazaratzen dituzten autoekoizpenak, kasu, galdu samar geratu ohi dira sarri azokaren zurrunbiloan, babesik gabe. Eta egitura modularreko erakusmahai bakar baten alokatze prezioak etekinik ateratzea eragozten badie argitaletxerik txikienei, zer esanik ez autoekoizleei. Durango ez da, bestalde, egile berrientzako lekurik aproposena; espezie preziatuen ehizarako safari-izpiriturik ez baduzu, oharkabean pasako zaizkizu haien lanak.

Komunikazioa legoke, bestetik. Bartzelonako Komiki Azokara joaten naizen aldiro, esate baterako, inbidia pizten dit bertan lantzen duten megafoniak: bizpahiru aktoreren eta gidoilari baten lanari esker, jakinarazpenetik harago, irrati-komediara eramaten dute abisu bakoitza, halako moldez non bisitaria zain baitago adi-adi, hurrengo mezua noiz entzungo.

Joan zen asteko “Lizardiren baratza” irratsaioan June Jordanen gainean aritu zen Itziar Imaz: «hiri izkinak, intersekzioak desagertzearen beharra adierazi zuen Jordanek (...) eta forma kurbatu, borobiletako hiri paisaia proposatu zuen, non biztanleak parte-hartzaile dinamikoak zitezkeen hiri bizitzaren ekologian, etxebizitzez gain, produkziorako, elkar sostengu eta erlazioetarako, aurkikuntza eta irudimenerako espazioa izango zuen auzoan». Aplika daiteke hori Durangoko baratzean ere: karratuegia da kaleen barne egitura, kultur-estabulazioaren gisakoa, bazkatuaren eta bazka-emailearen arteko talka zurrun samarra. Kaleak baino areago, korridoreak. Kasualitatea ote pasillo luzeak eta egongela estuak dituen etxea izatea gurea?

Etengabe bestelakotzeko izpiritu bihurria ezinbesteko izatea, horixe opa diot aurrerantzean ere Durangori. Urte askoan opa ere.