Igande honetan 25 urte betetzen dira Euskaldunon Egunkaria sortu zenetik. Durangoko Azokan kaleratu zen eta dokumentala proiektatu dute Irudienean, Egunkariako sortzaileek aurkeztuta.
Irudienean ekitaldi anitz izango dira. Euskal zinearen belaunaldi berriekin mahai-ingurua, Kortxoenea gaztetxearen dokumentala, 26 zuzendarik sortu duten Euskal Harriaren ABDak eta eguna amaitzeko, Goenkaleren azken hiru kapituluak ikusteko aukera izango da.
Areto Nagusian, 10.30etan, «Gerediaga lagunartean: 50 urteko istorio txikiak» ekitaldia egin dute eta Gogoetaren plazan, «kultur politika eta eragiletza» izango da gaia. Anjel Lertxundi, Olatz Osa, Maialen Beloki (Zinemaldia), Dori Lopez Jurio (Nafarroako Gobernua), Xabier Monasterio (Kafe Antzokia) eta Izaro Ieregi (Okela Sormen Lantegia) izango dira.
Ahotsenean eguneroko maratoiari eutsiko diote. Zuzenekoen karpan, besteak beste, honakoak: Ze Esatek!, Larregi, Izaki Gardenak, Maddi Oihenart, Borja Estankona... Solasaldien txokoan, bere aldetik, solasaldi interesgarriak izango ditugu: Ken Zazpi, Mikel Urdangarin, Karmele Jaio, Teresa Irastortza, Itxaro Borda, Harkaitz Cano, Goizalde Landabaso...
Plateruenan berriz, Olatz Zugasti arituko da.