Miren NARBAIZA

Paraleloan

Txikiak ginela abenduko zubia oporretarako aprobetxatzen genuen eta joanaldian edo itzulerakoan azokan geldialditxoa, noski. Jendearen joan-etorri zoroan ezinezkoa zen (eta da) ibiltzea eta bakoitzak bere erosketak bakean egin zitzan elkartzeko ordu eta leku bat adosten genuen.

Miren Narbaiza. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Miren Narbaiza. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Euskal zelebritiak aurrez aurre ikusteko aukera oso kitzikagarria zen, idazleak, aktoreak, musikariak, telebista aurkezleak, ibiltzen ziren korridoreetan eta nik begiak irten beharrean bilatzen nituen nire metro erdiko altueratik. Gure aitaren liburuak non zeuden jakitea ere gustatzen zitzaigun, eta gero harro pasatzen nintzen euren aurretik, bere ekarpena munduak jakin egin behar balu bezala.

Duela urte bi azoka barruragotik bizitzeko aukera izan genuen gure disko berriaren aitzakiaz. Postu horien atzean egon ginen jende uholdeei begira. Gugana baino, ondokoengana hurbiltzen zen jendea, bereziki Su Ta Gar-eko kideengana. Etengabe sortzen ziren zaleez osatutako taldeak. Eta eibartarrak sinadurak bota eta bota, argazkiak atera eta atera, beti irribarrea ahoan.

Ahotsenean ere izan ginen. Gune interesgarria da sortzaileak gertuagotik ezagutzeko, nahiz eta guretzako ordu erdiko emanaldi apur bat presazkoa izan. Musika kontzertuak eta solasaldiak, bata bestearen atzetik goizetik gauera. Ikusarazi zigun sortu asko sortzen dela herri honetan, baina era berean, ematen zuen zer pentsatua kultura irentsi behar horrek, korrika eta presaka, murtxikatu gabe, usaindu, dastatu eta digeritzeko astirik ia hartu gabe.

Askok hausnartu dute lehenago ere honetaz. Euskal kulturaren kontsumitzaile sutsu bihurtzen gara egun batzuez, azokaren aterpean hanka sartu eta aurreko hilabete guztietan eskaini ez diogun interesa egun bateko bisitarekin barkatuko zaigun esperantzaz, gure bekatu guztiengatik absolbituko bagintu bezala. Eta horrela ezin dugu bizi kultura, arnasestuka, antsietate mailak urratuz. Gure indar guztiak abendura begira bakarrik ez, urte osoan zehar dosifikatuko bagenitu, gure arreta kontzertuetara, liburu aurkezpen eta solasaldietara, erakusketetara joanez, aktibo izanez, jasoz, emanez eta alderantziz, sortzaileek horrenbesteko menpekotasuna izango al lukete Azokarekiko?

Aukera bat da ere kontsumoaren kulturaren logika horrekin funtzionatzeari uko egitea. Mundua aldatzeko zain egon beharrean, mundua zuk zeuk alda dezakezula sinistuz eta eginez. Kultura zifra ekonomikoetara laburbiltzen ez denean ere, berdin funtzionatzen du, askeago seguruenik, eta ibili dabil.

Adibide ezin garbiagoa duzue Landakotik oso gertu, hamaseigarrenez antolatzen den Durangoko Azoka Alternatiboan. Bertan bizi-bizirik sumatzen da kultura. Euren burua azoka ofizialean ordezkaturik ikusten ez zutenek sortu zuten gunea da, proiektu ez komertziala, konprometitua, antiautoritarioa, kritikoa, autogestionatua. Paraleloan eta inoren zain egon gabe, bere bidea egin duen elkargune bilakatu da. Eta bertan ere badira diskoak, liburuak, fanzineak, ikus-entzunezkoak eta horien guztien hainbat aurkezpen, kontzertu, hitzaldi. Baita eskulan tailerrak, zuzeneko irratsaioak, ipuin kontalariak, jantoki beganoa eta biologikoa… autogestiotik abiatutako egitarau sendoa, finean. Ez dakit bi azokak elkarren osagarri diren –hemen ez diete salmenta kopuruei begiratzen–, baina ez dut uste inkonpatibleak direnik. Eta zerbaitekin ados bagaude, euren lemarekin da, kulturaren baloreak baloraezina behar duela izan, alegia.