NAIZ
BILBO

Bilbo eta Baionako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute EH Bilduk eta EH Baik

Sarek eta Bagoazek deituta larunbatean Bilbon eta Baionan presoen eskubideak aldarrikatzeko egingo diren manifestazioen aldarri eta eskaerarekin bat eginik, bertan parte hartzeko deia egin diete EH Bilduk eta EH Baik herritarrei.

Ohar bateratu baten bitartez, larunbateko mobilizazioen deialdiei atxikimendua adierazi diete EH Bilduk eta EH Baik, «pertsona guztien eskubide guztiak defendatzearen printzipioa gure egiten dugun heinean».

Nabarmendu dutenez, elkarbizitza demokratikoan sakondu nahi bada, «ezinbestekoa da herritar guztien eskubideak errespetatzea, presoenak ere bai». Aldarri hori nazioarteko eragile ezberdinek adierazitako irizpideekin bat datorrela gaineratu dute.

Ildo horretan, Gobernu espainol eta frantsesaren «blokeoa» gaitzetsi dute, eta sakabanaketa politikarekin bukatzea «demokraziaren oinarrizko printzipioa» dela azpimarratu.

«Demokraziagatik, bakeagatik, elkarbizitzagatik eta pertsona guztien giza eskubideen errespetuagatik, hurrengo larunbatean Bilboko eta Baionako kaleetan izango gara EH Bildu eta EH Bai, eta printzipio horietan sinesten duten euskal herritar guztiei mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu», esan dute.