NAIZ
BAIONA

Larunbatekoa «manifestazio bat baino gehiago» izango da Bagoaz kolektiboarentzat

Bagoaz kolektiboak larunbateko manifestazioari atxikimendua adierazi dioten hautetsi, sindikatu eta Bake Bidea elkarteari eskerrak eman dizkie, mobilizazioarekin bat egiteagatik. Azken xehetasunak ere eman ditu.

Emilie Martin eta Claude Larrieu, Bagoaz plataformako kideak, gaurko agerraldian. (Bob EDME)
Emilie Martin eta Claude Larrieu, Bagoaz plataformako kideak, gaurko agerraldian. (Bob EDME)

Baionako manifestazioa 17.00etan abiatuko da Laugatik, presoak bisitatzera doazen senide eta lagunak eramaten dituzten Mirentxin furgonetak buruan direla. Ondoren, pankartaren atzean euskal presoen senideak, preso ohiak eta iheslariak joango dira.

Bagoazek beste leloak erakutsiko dituzten pankartak ez eramateko eta ekimenaren goiburua bateratua izateko deia egin du, Kazeta.eus atariak jaso duenez.

Manifestazioa Chao kaian bukatuko da eta hitzartzea Bilbokoarekin batera izango da: «Entseatuko gara behintzat txalaparta eta bertsolarien lehen partea aldi berean burutzea», gehitu du. Bukatzeko, Xiberoots taldeak Didier Agerrek idatzitako kantua eskainiko du.

Chao kaian karpa bat jarriko du Bagoazek eta hor animazioa izango da eguerditik aurrera. Saltoka taldeak mutxikoak animatuko ditu eta haurrentzat ere aktibitateak izanen dira. Gainera, manifestazioa eta gero, Xiberootsek, 2Ziok eta Joseba B Lenoirrek kontzertuak eskainiko dituzte han bertan.

Agerraldian Bagoazek eskerrak eman dizkie manifestazioari atxikimendua adierazi dioten hautetsiei, sindikatuei eta Bake Bidea elkarteari. «Beste behin ere bake prozesuaren aldeko sostenguren aniztasuna frogatu dute», nabarmendu du.